Emakumeen jantzi eta janzkera tradizionala azken 100 urteetan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko azaroaren 24a

Jantzia eta janzkera. Horiek izan zituen berbagai atzo Ane Albisuk Kulturaten. Arrasateko Ekin Emakumeak elkarteak gonbidatuta etorri zen Albisu. Jantzi tradizionalaren inguruko ikerketan aditua da donostiarra. Hitzaldi guztian nabarmendu gura izan zuena da "jantziak janzten jakitea" dela gakoa.

Atontzearen garrantzia

Okasio ezberdinetan jantzi berak erabiltzea ez zela egokia ikusita hasi ziren gaiaren inguruan ikertzen. Hala, hainbat lan egin ondoren Atondu, XXI. Menderako proposamena liburua argitaratu zuen 2006an. Liburuaren lehenengo helburua jantzi eta janzkera tradizionalaren jatorria zein den ikustea da: "Aztertu behar dugu zer dagoen eta zergatik", azaldu zuen.

Jantziak berba egiten hasi ziren

Gaiak dioen bezala emakumearen jantzi eta janzkera tradizionalak azken 100 urteetan azaldu zituen Albisuk hitzaldian. Orain dela 100 urte lanbidearekin zerikusia zuten arropak janzten zutela azaldu zuen. Denborarekin, baina hori aldatuz joan da. Gerora, batez ere Frankoren garaian, jantziak berba egiten hasi zirela azaldu zuen: "Horregatik eramaten dugu barruko gonan kolore gorri, berde eta zuria; edo, horregatik dituzte kaikuek hainbat ikur aurrealdean".

Arrasatearren pasarteak

Zapia nola ipintzen den azaldu zuen, eta horretarako Bixente Pagoaga Aranguren baserrikoaren bideo bat ipini zuen. Bixentek azaldu zuen haren amandreak zapia nola jartzen zuen eta mototsa nola egiten zuen; eta, baita abarkak nola jantzi behar diren ere.

Kulturateko aretoan 30 bat lagun elkartu ziren, denak emakumezkoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak