Hango eta hemengo erretiratu elkarteetan ez da arraroa bertako kideekin osatutako abesbatzak izatea; Arrasaten, baina, ez zegoen orain arte. Hasi berri du ibilbidea; bi entsegu egin dituzte eta hamabost lagun inguru batu dira aurreneko saio horietan, Anton Herrarteren zuzendaritzapean.
"Galdetu zidaten ea ikusten nuen Abaroan abesbatza bat sortzeko aukerarik, eta erantzun nien baietz, noski. Jendeak nahi badu, zergatik ez?", dio Herrartek taldea sortzeko ideiaren gainean galdetuta. Eta horrela jarri ziren martxan, deialdia egin eta hasi ziren entseguekin.
Emakumeak dira oraingoz animatu diren gehienak. Logika badu, taldeko zuzendariaren arabera: "Emakumeek zailtasun gehiago izan dituzte halakoetan ibiltzeko, etxeko lanen zama eurei utzi diegulako; gizonezkook erraztasun gehiago izan ditugu, eta hemen batu garenok, behintzat, gaztetatik ibili izan gara abesbatzatan. Horregatik, orain, behin erretiroa hartuta, halakoek ilusioa egiten diete emakumeei".
Eta bai, hala baieztatzen du, adibidez, proba egitea erabaki duen Maria Jesus Loitik: "Oso gustura nago ikusita nola joan diren lehenengo egunak; beti izan dugu zaletasuna kanturako, afarietan eta kantatzeko, baina inoiz ez naiz abesbatzan ibili. Entretenitua da, eta segitzeko asmoa dut", dio Maria Jesusek.
Pentsa ze gogo duten: Anton Herrarteren asmoa zen astean behin egitea entsegua, ordubetekoa; baina taldekideek eurek eskatu zioten birritan egitea. Martitzen eta eguenetan bilduko dira, Abaroan, 17:00etan.
Abesbatzako kideek animatu egin gura dituzte Arrasateko erretiratu elkarte guztietako kideak, euren taldera batu daitezen. Herrarte prest dago, beharrezkoa bada, hasera batean bera joateko beste elkarteetara, behin beste abesbatza batzuk ere martxan jarrita, gero elkarrekin jarduteko. Abaroakoek, oraingoz, elkarteko ospakizun eta egun berezietan egingo dituzte saioak. Jendea animatzeko argi dio zuzendariak: "Ez dio inporta hain ondo ez kantatzea; ondo pasatzea da kontua".