"Euskararen Eguna aitzakia hartuta eta martxan jarri dugun ekimen honi indarra emateko asmoz, grabaketa bat antolatu dugu. Herriko sektore ezberdinak batzea eta herritarrak parte-hartzea gura dugu zapatuko grabazioan". Hala, egingo duten bideoan, azoka, enpresa arloa, SUDC, ikastetxeak, kirola, gazteak, emakume txokoa, alkatea eta herria izango dira protagonistak, besteak beste. Abenduaren 3an kalejira egingo dute goizean eta jendea animatu gura dute kalejira jendetsua eta koloretsua izan dadin. Ondoren, denak batuko dira plazan egindako hitzorduan herritarrekin. Bideo honen aurkezpena, urtarrilean egingo dute eta datozen urratsak aurkezteko aprobetxatuko dutela azaldu dute. Ondoren, egun osoko jaia ospatuko da. Bazkari herrikoia Uarkapen izango da eta txartelak salgai daude 20 eurotan Monte eta Irati tabernetan. Guztira, 100 txartel jarri dituzte salgai.
Izarak jartzeko deia
Kanpaina honetan, Euskaraz bizi nahi dut leloa daraman izara da protagonistetako bat. Hala, Portaloian jarriko dira salgai bariku arratsaldean eta zapatu goizean. Grabaketara, izararekin joateko deia ere egin dute. Ondoren, etxeko balkoietan, elkarteetan edo tabernetan jartzeko eskatu dute.
Kontseiluak abian jarri du Euskaraz bizi nahi dut kanpaina. Helburu nagusia Euskalgintza guztia norabide berean jartzea eta aktibatzea da. Dena euskararen normalizaziori begira egitea da asmoa. Gakoa, gizartean eragitea da; ekintzen bidez. "Instituzioekin eta norbanakoekin lan egitea da asmoa. Hizkuntza politikak aldatzea. Herritarren aktibazioan eragin nahi dugu; baita udalekin ere euskaraz bizi nahi dugu leloa defendatzeko, indartzeko", azaldu digu Oskar Elizburuk. Euskaraz bizitzeko baldintzak sortzea da oinarria.
Euskararen normalizaziorantz
Neurriak hartzea eragiteko eta euskaraz bizitzeko baldintzak sortzea da ekimen honen oinarria. Euskarak erdarekin duen menpeko egoera gainditzea eta euskal herritar guztientzat beren eguneroko eta mota guztietako jardunean ohiko eta lehentasunezko hizkuntza euskara izatea da euskararen normalizazioaz kontseiluak ulertzen duena. Horretarako baina, ezinbestekoa da eragitea baldintza sozialean, ekonomikoan, juridikoan eta politikoan. Aktibazio soziala eta iniziatiba soziala berreskuratzea da helburua. Norbanako eta jende multzoek eginiko adierazpenak jaso eta eragitea. Informazio zabala www.euskarazbizinahidut.org webgunean duzue