Urte amaierarako, Mitarte kale berria irekitzen denerako, Gazteluondo kaleko zirkulazioa etengo duten pibotak gertu izango ditu Udalak. Asteon harrapatu ditugu langileak Gazteluondo kalearen hasieran –Arrasate pasealekuaren altueran– pibotak jartzeko lanetan (beheko argazkia).
150 bat sinadura aurka
Udalak dagokien herritarrei aldaketaren berri eman ostean, kexak heldu ziren bizilagunen partetik. 150 bat sinadura jaso eta udaletxera eraman zituzten. Bizilagunen ordezkariak Inazio Azkarraga-Urizar alkatearekin, Omer Arregi Hirigintza zinegotziarekin eta Kepa Urteaga kexak kudeatzearen ardura duen zinegotziarekin bildu ziren.
Honela azaldu digu bilera Urteagak: "Uneoro autoz sartzeko aukera izatea eskatzen ziguten, erosketetarako, larrialdi baterako... Guk alde zaharra oinezkoendako izateko Mugikortasun Planarekin bat egiten genuela eta akaso piboten ordutegia berriro ere aztertu daitekeela esan genien".
Ordutegia alda daiteke, bizilagunek aukera gehiago izan dezaten. Hori bai, alde zaharreko kale guztiak hartu behar dira kontuan aldaketarako. Bizilagunei eragin diezazkieketen kalteak ulertzen duela dio Urteagak eta horregatik gertu daude bizilagunekin berriz ere batu eta ordutegi bateratu bat zehazteko: "Finean, erosketak dira batik bat. Larrialdietarako udaltzainek pibotak ireki ditzakete". Udalak argi dauka alde zaharrean joera izan behar dela oinezkoei lehentasuna ematea.
Ikastolako arduradunen artean askotariko iritziak dira nagusi eta diote eurak ez direla traba izango aldaketa egin dezaten.