Dagoeneko martxan da Santamasetako tenis txapelketa.
Bai, hasi dugu txapelketa, hirugarren urtez antolatu dugu aurten. 32 jokalari dabiltza lehian, muga bat jarri genuen eta momentuan bete zen muga. Jokalari gehienak Arrasatekoak dira, baina etorri dira Zumarragoak, Eibarkoak, Aretxabaletakoak, Bergara eta Oñatikoak asko…
Ideia da abenduaren 18an amaitzea. Zortzi ligaxka egiten dira eta talde bakoitzeko lehenengo biek final-zortzirenak jokatzen dituzte.
Maila oneko jokalariak daude Arrasaten. Hori zergatik da?
Elkartea zaharra da, baina azkeneko hiru urteetan berpiztu egin da. Azkenaldian asko entrenatzen gara, Gasteizko punta-puntako maisuak ekarri ditugu eta bagabiltza Oñatiko eta inguruko herrietako maila hartzen. Inguruan, Oñatikoak eta Bergarakoak dira maila handiena dutenak, inguruko txapelketak irabazi dituztenak, behintzat. Beharbada, teknika aldetik ez dute inoiz ikastarorik hartu, baina eskarmentua dute.
Oñatiko San Migel txapelketan ere bi arrasatear izan zineten finalean. Zuk zeuk bigarren egin zenuen.
Sebas Sierrak eta biok jokatu genuen finala joan den aste bukaeran. 6-4 eta 6-4 irabazi zidan Sebasek. Partidua ikusi zutenek esan dute nik galdu nuela partidua. Irabazten hasi nintzen, baina gero huts asko egin nituen. Partiduko tantoak eta hutsak, denak egin nituen nik.
Nolako entrenamenduak egiten dituzue?
Guk bost edo seiko taldeak egiten ditugu eta astean bi ordu entrenatzen gara. Entrenamendu teknikoak izaten dira, izerdi askorik ez dugu botatzen, jokalari asko gaudelako eta pistak banatu egin behar direlako. Gainontzeko egunetan partiduak egiten ditugu gure kontu. Elkarte barruan ranking bat jokatzen dugu 40 bat jokalarirekin.
Esan daiteke hiru urtetik hona tenis zaletasuna piztu egin dela Arrasaten?
Egia esan, orain tenisa gainezka dago. Hasi ginenean, orain dela hiru urte, lehenengo irakaslea etorri zenean 20 ikasle ginen, bigarren urtean 40 inguru eta aurten hitzarmena egin dugu Leintz eskola kirolarekin, eta eurek ume asko bidali dizkigute. Gainera, paddle ikastaroak ere ematen hasi gara. Aurten 115 bat jokalari gabiltza entrenatzen. Egia esan, dauzkagun pistendako nahikoa edo larregi ere izan daiteke, baina gura duenak badauka oraindik talderen baten parte hartzeko aukera.
Zaletasuna badago orduan. Zer dauka tenisak beste kirol batek ez daukana?
Ez dakit, berezia da oso. Bakarrik zaude zure buruarekin, teknikoki asko entrenatu behar da eta maisu bat behar duzu txikitan, kalean ikasten ez den kirola delako. Oso psikologikoa da… zure buruarekin pikatzen zara, baina hori kontrolatzea da zailena, nire kasuan, behintzat. Kontzentrazio osoa behar da defentsaren eta erasoaren arteko oreka mantentzeko.
Tenisa eliteko kirola dela esan daiteke?
Beharbada, lehen bai, baina gaur egun ez. Hemen tenisean jokatu ahal izateko kiroldegiko bazkide izatea beharrezkoa da edo sarrera ordaindu behar da. Erraketak 50-90 euro inguruan daude eta horiekin urteetan ibil zaitezke. Beste kirol guztietan moduan, oinetakoak, pilotak.. azken finean, kiroldegian jokatzen dugu eta ez dugu beste kirolariek baino gehiago ordaintzen.
Bakarkako kirola da, beste tenis jokalari baten aurka egiten dena. Egoskorra izan behar da?
Bai, egoskorra izan behar da. Alde batetik, teknika ikastea kosta egiten da, batez ere berandu hasi garenoi. Bestalde, partiduetan burua argi izatea beharrezkoa izaten da, taktika bat gauzatzeko teknika menperatu eta kontzentrazioa mantendu behar delako uneoro.
Taldekako kiroletan taldekideak lagun zaitzake, baina tenisko partidu baten ez duzu entrenatzailearekin hitz egiteko aukerarik ere.
Gustuko pistak dira Musakolakoak?
Ez daude gaizki; egia esan, ondo daude. Estalita egotea pozteko modukoa da, baina badaude hobetu beharrekoak… Batez ere, argiteriarekin dugu arazoa, eta baita kanpoko eta barruko kontrastearekin ere; hala, argiaren arabera, batzuetan pilota ikustea zaila izaten da.
Hori konpontzeko bidea jarri dugu, AUKEArekin berba egin dugu eta fokuak lekuz aldatuko dituzte, eta baita pistaren atzealdea estali ere, kontrasterik ez egoteko.
Jokatzeko ondo daude, baina ikusleendako toki aproposa dira Musakolako pistak?
Ez, ikusleendako ez. Ez dago harmailarik… baina, egia esan, gure lehentasunen artean ez dago harmaila bat jartzea Musakolan. Oñatiko Zubikoa kiroldegian, esaterako, badago eta gustura egoten da partiduak ikusten.