Hasiera batean, jostailu gehiegi jaso ez baziren ere, azken 5 urteotan 100 jostailutik gora jaso dira eta trukean ere gero eta gehiago trukatzen dira. Honen adibide iazko datuak: 169 jostailu jaso ziren eta 149 trukatu. Txatxilipurdikoek emandako datuak dra.
Jostailuei dagokionez, Gabon garaian izaten da kontsumo gehiena, eta arrazoi honegatik jarri zuten egitasmoa martxan, urteko azken hilabete hauetan, nahiz eta urtean zehar egin al den egitasmoa izan.
Ariketatxoa
Jostailu Truke Merkatua hasi aurretik, ariketatxo bat proposatu die Txatxilipurdikoek ume eta guraso edo haurraren arduradunei. Ariketa honako hau da: etxean dauzkaten jostailu guztiak atera eta sailkatu: puzzleak, mahai jolasak, eraikuntzazkoak…
Ondoren, jostailuak zenbat erabili dituzten eta zeintzuk diren gustukoenak aukeratu. Hau egin ondoren, beti egoten dira jostailu batzuk oso gutxi erabili dituztenak, edo ez zaizkienak gehiegi gustatzen edo, agian, handitu egin dira eta errazegiak direnez ez dituztenak erabiltzen. Beraz, jostailu hauek, trukera eraman ahal dituzte eta gustuko dituzten beste zerbaitegatik trukatu
Ariketa honek, zein motatako jostailuak diren gehien gustatzen zaizkienak ohartarazteko ere balio du, beraz, jostailuak eskatu edo trukatzeko orduan lagungarri izango zaie.
Gordeta dituzten jostailuak
Eskatu eta eskatu ibili zen jostailuarekin ere zenbat jolastu den ohartarazteko aukera ematen du eta haurrarekin lanketa bat egiteko, benetan eskatzen duena ondo pentsatuta eskatu dezan. Haurrarekin une atsegin bat pasatzea eta haurrak gordeta dituen eta guztiz ahaztutako jostailuak berreskuratzeko ere oso aproposa da, beraz, ariketa gomendagarri dela esaten ausartzen gara.
Ariketa hau burutu ondoren, dendara joan aurretik, Jostailuen Truke Merkatuan soberan edo gustatu ez zaizkien jostailuak trukatzera joatea da egokiena, azken finean, merkatuan egoten diren jostailu mordoxka artean, gustukoa aurkitzea oso erraza baita. Eta kontsumoa murrizteaz gain, lagun giroan jostailuak aukeratzeak beste xarma bat baitauka.