Alejandro Franco, berriz ere, Arrasate Hirian nagusi

Ander Monedero 2011ko azaroaren 20a

Francok parte hartzen duen seigarren aldia da eta txapelketa eskuratzen duen laugarrena.

Alejandro Franco madrildarrak irabazi du Arrasate Hiria txapelketaren XI. edizioa. Egubakoitz iluntzean jokatu zen txapelketaren azken jardunaldia, ohitura denez, udaletxeko pleno aretoan. Azken partida jokatu aurretik, Francok poltsikoan zuen garaipena, izan ere, nahiz eta partida galdu, txapelketako bigarren sailkatuak, Iñigo Argandoñak ia ez zuen madrildarra heltzeko aukerarik. Gauzak horrela, Francok partidan akats larririk ez egitearekin nahikoa zuen txapelketa irabazteko, baina, bere aurkaria, Isidro Ruiz arrasatearra, ez zen partidara aurkeztu.

Txapelketako irabazlea erabakita, sailkapenean bigarren eta seigarren postuen arteko lehia izan zen egubakoitz iluntzeko jardunaldiko ikuskizuna. Esan daiteke, Josu Tornayk, Iñigo Argandoñak, Egoitz Irurek, Alain Prietok, eta Jose Manuel Hernandok bi partida jokatu zituztela, bat beraien taula, eta bestea, aurkarien mahaietan. Argandoñak, Prietok eta Tornayk jokatutako partidak irabazi zituzten eta, Irure eta Hernandoren aurrez aurrekoa berdinketarekin bukatu zen.

Bukaeran, sailkapenean, Argandoña bigarren, Prieto hirugarren, Tornay laugarren, Irure bostgarren eta Hernado seigarren.

Maila handiko txapelketa

Arrasate San Andres xake elkarteko kideak pozik agertu dira txapelketaren sei jardunaldietan jokalariek erakutsitako mailarekin eta baita ere, jokalarien artean izandako borrokarekin. Izan ere, azken momentua arte, emozioz beteriko txapelketa izan da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak