Ford Mugarri Arrasatek 32 eta 24 irabazi zion Egiari

Julen Iriondo 2011ko aza. 20a, 11:25

Atsedenaldi ostean koska izan arren, azkenean ondo irabazi zuten arrasatearrek. Euskadiko Txapelketako lidertza sendotu dute, bost puntuko tartea eginda.

Aurkari arriskutsua izan zen zapatuan Iturripen bisitan, kategorian berria izan arren sailkapenean laugarren dagoen Egia. Lehenengo zatian oso ondo jokatu zuen Ford Mugarrik. Gogo eta intentsitate handiarekin atera zen taldea kantxara, eta defentsan lan bikaina egin zuen. Baloi asko berreskuratu zituzten arrasatearrek eta, ezin zenean, donostiarrek eroso jaurtitzea eragotzi zuten behintzat. Atezainaren lana ere nabarmentzekoa izan zen.
Erasoan, berriz, nabarmentzekoa izan zen Zulu pibotak egindako lana, defentsari posizioa hartuz eta kanporatzeak eta penaltiak eraginez.

Bestetik, Arrasateko taldeak erakutsi zuen baliabide asko dituela erasoan, barneraldiak egiteko edo kanpotik jaurtitzeko: "Jokalari bakoitzak jakin du egin behar zuena egiten", zioen amaieran pozik Ane Herrero etxeko entrenatzaileak.

Lehenengo zatia 17 eta 9 amaitu zen, Ford Mugarriren alde. Bigarrenari, baina, ez zioten intentsitate berarekin ekin. Defentsan ahulago eta erasoan arazo gehiagorekin, lau golera (19-15) hurbildu zen Egia.
Baina etxekoek erreakzionatu eta aukerarik ez zieten eman donostiarrei. Datorren jardunaldian Gasteizen, sailkapeneko hirugarrena den El Pilarren kantxan jokatuko du Ford Mugarri Arrasatek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak