Oraingo honetan, Mendibitzu baserriko txahal haragi ekologikoarekin egindako pintxoak ekarri ditu Romerok. Hiru laguntzaile izan ditu berarekin; izan ere, haragia plantxan momentuan egitekoa baita: Iker, Ariane eta Leylan, hirurak Hasierako Lanbide Prestakuntzako sukaldaritza moduluko ikasleak, Jesus Romero laguntzera eta berarengandik sukaldaritza eskola praktikoak hartzera etorritakoak.
Haragi errearen usainean
Haragi errearen usain gozoak, Seber Altubera erakarri ditu ingurutatik paseatzera atera direnak, eta bati eta biri ere zaila suertatu zaie pintxook dastatzeko tentalditik libratzea.
Produktu sortaren zozketa ere egin da eguneko bezeroen artean. Ikutixo Baserriak prestatutako denboraldiko produktuekin osatutako sorta ederra.
Bai pintxoen dastatzea, bai produktu sortaren zozketa, azokako bezeroei nolabait eskerrak emateko egiten dira, bertako eta sasoiko produktuen kontsumoaren garrantziaz herritarrok ohartzeak "berebiziko garantiza baitauka gure inguruko garapen jasangarrirako" Arrasateko Udaletik diotenez. "Mugimendu sozial bat sumatzen da norabide honetan, ea olatua izatera iristen den".