Mondragon Unibertsitateak ere hartu zuen parte City Car ibilgailu elektrikoaren proiektuan, eta berau erakutsiko dute arduradunek.
Laborategi hauek bisitatu ahal izango dira: energia laborategia, telekomunikazioena eta konformazio eta mekanizazioarena.
Telefonoarekin ateak ireki
Halaber, aurtengo ekitaldian Kimikari eta Ingeniaritzari buruzko erakusketa egingo da lehenengo aldiz, Kimikaren Nazioarteko Urtearekin bat. CSICek (Zientzia Ikerketen Goi Zentroak) Kimikaren eta Ingeniaritzaren inguruan prestatu duen erakusketa da.
Telekomunikazioen laborategian hainbat esperimentu egingo dituzte, hala nola jostailuzko automobila telegidatzea, ultrasoinuak neurtzea, telefono mugikorrarekin ateak zabaldu eta kontrolatzea, ikuspenez gidatutako automobila erabiltzea, eta baita ikasleek egindako walkie-talkieak eta bideojokoak ere, objektuak 3Dn sortzea, edota zaintzarako kamara duen automobila wifi bidez telegidatzea. Bestalde, konformazioko laborategian bi entsegu egingo dituzte: metalen errekuntzaren ingurukoa bata eta presio-bidez xafla harrotzeari buruzkoa bestea.
Erakustaldiak hilaren 21, 22 eta 23an egingo dira, goizez, MGEPen 10. eta 11. eraikinetan, Arrasateko Garaia kanpusean.