Madrilen girotutako lana
Lehenengo urteetan euskal giroko zarzuelak egiten zituzten, baina azkenaldian Madrilen girotutakoak egin dituzte: El barberillo de Lavapies eta La Gran Vía, besteak beste. XIX. mende bukaeran kokatuta dago istorioa: "Motza da, maitasun istorioa da... La tabernera lanaren antzerako trama dauka. Zarzuela alaia da", azaldu du Naroa Elortza elkarte lirikoko bozeramaileak.
Hain zuzen, oso zarzuela alaia zelako aukeratu zuen Tere Gonzalez zuzendariak obra hori. "Obra aukeratzerakoan begiratzen dut ea ze bakarlari izango ditudan, eta ikusleek ondo pasatzea ere hartzen dut kontuan", azaldu du Gonzalezek. Oso motza denez, baina, sei emanaldi gehiago gehitu dizkio: La verbena de la paloma, El año pasado por agua, La Calesera, El bateo, Agua, azucarillos y aguardiente eta Romanzado de los claveles. Hala, bi ordu iraungo du lanak.
Mari Pepa eta Felipe izango dira protagonistak; protagonista horien paperak Susana Vazquez eta Enrique Altuna arrasatearrek beteko dituzte, hurrenez hurren.
Urte osoko lana
Elkarte lirikokoek martxo inguruan hasi zituzten entseguak, eta ekainean Arrasate Musikaleko orkestra gehitu zitzaien. Zarzuelaren inguruan, taula gainean eta baita atzean ere, 100 bat lagun ibiliko dira. "10 bat joskin ibili dira eta 60 traje egin dituzte, madrildar trajeak. Dekorazio lana ere badago… gutxi gorabehera, 100 lagun", azaldu du Elortzak. Arrasate Musikaleko orkestraren zuzendaria Iker Olazabal da eta eszena zuzendaria, Javier Burgos.
Harremanekin elkarlanean
Iaz egin zuten moduan, Harreman GKEk lau margolariren koadroak zozketatuko ditu. Emanaldia hasi aurretik errifak salduko dituzte eta atsedenaldian zozketa egingo dute: gaurko emanaldian Rafa Zubiagaren koadroa zozketatuko dute; bihar, zapatua, Kontxita Zarraoarena; hilaren 26an, Valentin Aranarena; eta hilaren, 27an Bingen de Pedrorena.