Ezker Anitza alderdiak ekitaldi oso grafikoa egin du Jan ezazu bankari bat, jan ezazu txorizo bat lelopean. "Txorizoak zergatik? Lapurtzen ari direlako. Bankuak dira krisialdi honetan sartu gintuztenak eta une honetan zerbait irabazten ari diren bakarrak" aitortu digu Mikel Arana Ezker Anitzako hautagaiak.
Banku publikoaren alde
Banku publikoa aldarrikatu dute eta merkatuen diktadura salatu dute. Esan dute merkatu eta herritarren arteko guda batean gaudela eta igandean, bozkatzerako orduan, herritarrek hori oso argi izan behar dutela. "Merkatuaren espekulazioaren eta demokraziaren arteko guda batean gaude eta krisialdi ekonomiko honetatik irteteko murrizketa ez da irtenbide bakarra; beste irtenbide batzuk daude egoera honetatik ezkerrtik irteteko".
Gaineratu zuten, estatistikek diotela une honetan Ezker Anitza dela alderdi popularrari gehiengo absolutua ken diezaiokeen alderdi bakarra. Beraz, gelditzen diren azken orduak Ezker Anitzarendako bozka eskatzeko erabiliko dutela aitortu ziguten.
Jan ezazu bankari bat, jan ezazu txorizo bat lelopean, txorizozko pintxoak banatu zituzten Seber Altuben jarritako karpara gerturatzen zirenei, eta bukatzeko, azaldu ziguten igandean emaitza onak espero dituztela bai Euskadin eta baita estatu mailan ere.
Ekitaldian izan dira Isabel Salud Areste bergararra eta Juan Luis Merino Sanabria eskoriatzarra. Baita Mikel Arana hautagaia ere, besteak beste.