Urteko azken baserritarren azoka izango da biharkoa

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko azaroaren 18a

Hileko hirugarren zapatuan egiten den baserritarren azokaren urteko azkena egingo da bihar. Azarokoa ere Seber Altube plazan egingo da, bihar, 09:00etatik 14:00etara. 11 postu egongo dira, eta postu horietan guztietan baserriko produktuak erosteko aukera egongo da. Baserritar guztiak ez dira arrasatearrak; Tolosako, Aretxabaletako eta Bergarako postu bana egongo dira bihar.

Enplegu eta Garapen ekonomiko zerbitzuaren teknikari Marga Garmendiaren arabera, aurreko azoketan horren erantzun ona izan duen pintxo ekologikoen dastatzea ere egongo da, erosketa bat egiterakoan trukean emango zaion txartela erabilita. Erosketarik egin gura ez duenak pintxoa erosteko aukera ere izango du, noski.

Okela ekologikoa ere bai
Pintxo horietan produktu begetalez gain, biharkoan okela ekologikoaz egindako pintxoak ere dastatu ahalko dira. Aretxabaletako Mendibitzu baserriko okela ekologikoarekin prestatuko ditu pintxoak Jesus Romero sukaldariak: "Oraingoan usaina ezberdina izango da eta pintxo beroak dastatzeko aukera egongo da". Pintxoak nola prestatzen dituen ikusteko aukera egongo da, bertatik bertara, eta errezetak eskatzeko eta zalantzak argitzeko aukera ere izango dute azokara doazenek. Eta noski, azokako bezeroen artean ortuko produktuekin betetako otarraren zozketa ez da faltako.

2012rako, aurrekontuetan
2011ko ekitaldiaren balorazioa egiteko goizegi da oraindik. Balorazio hori egiteko ezinbestekoa da baserritarren iritzia eta azaro amaieran edo abendu hasieran bilera egin ohi dute azokan parte hartzen duten baserritarrek eta Udaleko ordezkariek.

Bilera horretan, urteak eman duenaren balorazioa egiteaz gain, datorren urtera begira aurreikusten diren nobedade eta ekimen berrien gainean ere egingo dute berba. Garmendiak aditzera eman duenez, Udalak 2012rako aurrekontuen barruan aurreikusi du azoka, baina aurrera egingo duen erabaki aurretik baserritarren iritzia jaso behar dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak