Emakumeen jantzi tradizionalen gaineko tailerra antolatu du Ekinek

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko azaroaren 15a

Arrasateko Ekin Emakumeak elkarteak azken 100 urteotan emakumeen jantzi tradizionalen gaineko ikastaroa antolatu du. Tailer teoriko eta praktikoa da. Hitzaldia eta tailer teoriko praktikoa, azaroaren 23an, eguaztena, arratsaldeko 18:00etan izango da Kultur Ateko areto nagusian.

Emakumearen jantzi eta janzkera tradizionalak azken 100 urteetan, atontzearen garrantzia da tailer horren izenburua.

Hizlaria Ane Albisu Iriarte izango da. 35 urte daramatza euskal emakumeen jantzi tradizionalaren inguruko ikerketak eta gai honekin loturiko hainbat ekimen egiten. Argia taldean lehendabizi eta Ikerfolk erakundean ondoren dihardu lanean.

2006an Atondu, XXI. menderako proposamena izeneko liburua argitaratu zuen. Horretaz gain, Donostiako San Telmo Museoaren enkarguz, bertako jantzi eta ehun ondarea aztertzen ari da. Izan ere, aurten ireki den erakusketarako jantzi eta ehunari dagokiona ere berak proposatu eta kudeatu du hein handi batean. Diseinu arloan ere hainbat lan egina da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak