Plan orokor berria egiteko herritarrei iritzia eskatuko die Udalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko azaroaren 14a

Arrasateko Hiri Antolamenduaren Plan Orokorraren (HAPO) aurrerapena prest dago. Hau da, hirigintza plan berriarekin lanean dihardu Hirigintza Sailak. Azkena behin betikoz onartu zenetik zortzi urte pasa dira eta Udalak plana berrikustea erabaki du. Prozesua, baina, luzea izango da. Aurrerapena egin dute dagoeneko eta azken osokoan aho batez onartu zuen udalbatzak zirriborro hori jendaurrean erakustea. Kulturaten erakusketa jarriko dute, abenduaren 16tik otsailaren 5era. 

Herritarren proposamenak jaso ostean Plan Orokorra idazteko oinarrizko irizpide eta helburuak zehaztuko dira, gero agiri hori prestatu eta jendaurrean erakutsiko dute hilabete batez, eta eskumenak dituzten bestelako administrazioei ere jakinaraziko zaie.

Erakusketako emaitzak jasoko dira eta behin behinekoz onartuko da agiria, dagozkion aldaketekin. Aldaketok egiturazko antolamenduaren funtsa aldatzen badute Udalak hasierako onespena eman beharko dio agiriari eta jendaurreko izapidea irekiko du berriz, beste behin onartu aurretik. 

Horren ostean Udalak agiria EAEko Lurraldearen Antolamendurako batzordeari igorriko dio eta batzorde horren txostena loteslea izango da lurralde antolamenduko tresnei, eta Udalaz harago dauden proiektuei. Hiru hilabete izango du batzorde horrek txostena egiteko. Eta orduan, aldaketa guztiak egin ostean, Udalak behin betiko Plan Orokorra onartuko du. 

Udalak hainbat lekutan eragina izan dezaketen proiektuak erakutsiko ditu herritarren aurrean: Gesalibar, Atxabalpe, Zalduspe, Kanpanzar, Otalora Lizentziatua, San Viator txiki...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak