Arratsaldez ere zabalduko ditu ateak Lanbidek gaurtik aurrera

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko azaroaren 15a

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak arratsaldez ere irekiko ditu bulegoak gaurtik aurrera. Debagoienean, Arrasaten du bulegoa Lanbidek eta gaurtik aurrera goiz eta arratsalde egongo da zabalik, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden bulego guztiak nbezala, 32 guztira. 20:00ak arte egongo dira zabalik bulegoak. Horretarako, orientatzaileen eta administrazio langileen taldea indartuko du Euskal Enplegu Zerbitzuak.

"Langabeziari aurre egiteko borroka lehentasunezkoa" da Eusko Jaurlaritzarendako. Horregatik, eskuetan dituen "baliabide guztiak" baliatu nahi ditu langabezian daudenak lan merkatura itzultzeko. 

Hasierako asmoa zen 2012ko urtarrilaren 2an hastea goiz eta arratsaldeko ordutegiarekin, baina dena aurreratzea erabaki du Jaurlaritzak eta, honenbestez, gaurtik aurrera goizeko 9etatik 20:00ak arte zabalik izango dira Lanbideren bulego guztiak.

Langabeei jarraipena eta laguntza

Arratsaldez, langabeei eskainiko zaie zerbitzua, aldez aurretik zita eskatuta. Helburua da Lanbideko orientatzaileek jarraipena egitea lan barik daudenei, ahalik eta azkarren lan merkatura inkorpora daitezen.

Gema Zabaleta Lan eta Gizarte Zerbitzuetako sailburuak adierazi du baliabideak optimizatu nahi dituztela Lanbideren bulegoak arratsaldez ere zabalduta eta, azpimarratu du, Lanbide "Espainiako lehen Enplegu Zerbitzua dela langabeei orientazioa eta jarraipena eskaintzen diena".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak