Gipuzkoako Foru Aldundiak 2012ko aurrekontu proiektua gizarteari ezagutarazteko Kontuak garbi, Gipuzkoa berri baterantz izeneko kanpainaren baitan egin dute deialdi hori. Azaroaren 7an abiarazi zuten Errenterian eta 18an bukatuko da Hernanin eta epealdi horretan hamar batzar egingo dituzte Gipuzkoan barrena.
Kanpaina honekin Gipuzkoaren egoera zein den erakutsi nahi du Aldundiak. Izan ere, Aldundiak uste du gipuzkoarrek ez dutela egoeraren berri zehatza. Horrez gain, Aldundiak bere helburu eta ildo nagusiak jakinaraziko ditu, jendeak ezagutu ditzan.
Herritarrengandik urrun, orain arte
Foru Aldundiarentzat ezinbestekoa da herritarrek gaur egun erakunde honen egoera zein den ezagutzea eta, batez ere, egoera hori gainditzeko eta politika ezkertiarra bultzatzeko aurrekontuetan zein irizpide ezarri nahi dituen azaltzea. Aldundiaren ustez, orain arte erakunde hori Gipuzkoako herritarrengandik urrun egon da eta hurbiltzen hasteko garaia da. Gipuzkoarrek erakundearen nondik norakoak ezagutu behar dituzte eta, batez ere, erakundeak gipuzkoarren berri izan behar du, zuzen zuzenean.
Aldundiaren esanetan, martxan jarri duten prozesu hori datozen urteetan parte hartzeko aurrekontuak egiteko ernamuina izango da: "Prozesu horretan oinarriak jarriko dira datozen urteetan denon artean Gipuzkoarentzat aurrekontu egokienak eraiki ditzagun", esan dute.
Diputatu nagusia batzarrean
Bileran Martin Garitano diputatu nagusia izango da, "Aldundiarentzat funtsezkoa baita Gipuzkoako ordezkari nagusiak herritarrekin harreman zuzena izatea". Garitanoz gain, beste foru diputatu batek edo bik, zuzendari batzuek eta eskualdeetako Bilduko batzarkideek parte hartuko dute.
Diputatuak eta zuzendariak aukeratzerako orduan eskualde bakoitzean gai zehatzek duten eragina eta gertutasuna, alegia eskualdearen ezagutza, hartu da kontuan.
Gainerako alderdietako batzarkideei eta eskualde bakoitzeko alkate eta zinegotziei bileretara joateko gonbitea ere helarazi die Foru Aldundiak.
Parte hartzeko dei egiten du Aldundiak
Aldundiarentzat prozesua garrantzitsua izanda, herritarrei eta eragileei bileretan parte hartzeko deia egiten die, oso garrantzitsutzat" baitu herritarrekin harreman zuzena izatea, inolako iragazkirik gabe, zuzen zuzena.