Jaime Zambrana: "Indigenen eskualdeetako baldintzak hobetzera daude bideratuta karrerak"

Txomin Madina Milikua 2011ko azaroaren 15a

Mondragon Unibertsitatea ezagutzen egon dira egunotan Unibol Quechua Casimiro Huanca unibertsitateko bi kide. Boliviako Unibertsitate Indigenako zati bat da hori, 500 ikasle inguru dituena. Goienara egindako bisitan, unibertsitate horien helburu eta ezaugarriei buruz berba egiteko aukera izan genuen.

Nola sortu zen Unibol eta nola egituratzen da?
Unibol nekazarien erakundeen proiektu bat da; hiru unibertsitatek osatutako unibertsitatea da, Boliviako herri indigenei zerbitzu  ematen diena. 2008an eratu ziren, Evo Moralesen gobernuaren garaian, eta unibertsitate hauek sortzeak erantzuten die herri indigenen hezkuntzan, osasunean eta oinarrizko zerbitzuen aldeko borrokan egindako aldarrikapenei. Gazte indigenak unibertsitateetan egotea beti izan da bazterketarako gai bat, desberdintasunerakoa. Unibertsitate hau herri eta erakunde indigenetako gazteei formazio profesionala ematera bideratuta dago.

Ze ikasketa ematen dira bertan?
Lau karrera daude: basoekin lotutakoa, elikaduraren industriarekin lotutakoa, piszikultura eta agronomia. Karrera bakoitzean hiru titulazio maila daude: sei seihilekoren ostean, goi mailako teknikaria; hamar seihilekoren ostean, lizentziatura; eta bi urte gehiago egin ostean, masterra. Karrerak bideratuta daude produkzio-dinamikak indartzera, komunitate indigenak dauden eskualdeetako baldintzak hobetzera. Erakunde indigenen beharrei erantzutea ere bada helburua. Izan ere, erakunde hauek curriculuma garatzeko orduan euren planteamenduak aurkeztu zituzten.

Ikasleak aukeratzeko orduan komunitate indigenek zeresan handia dute, ezta?
Unibertsitatean sartzeko prozesu bat dago. Lehenengo eta behin, esan behar da gobernu organoa  batzorde komunitarioa dela. Unibertsitateko instantzia gorenena da, eta bertan daude ordezkatuta nekazari eta indegenen erakundeak, baita ikasleak, irakasleak eta unibertsitateko alderdi administratiboa ere. Unibertsitatean sartzeko, erakundeek babestuta egon behar du, erakundeek eurek egiten dute hautaketa prozesua unibertsitatean zein sartuko den erabakitzeko. Ikasle hauek, euren formazioan, babestu dituen erakunde edo komunitatearekin elkarlanean ibiliko dira; baita formazioa amaitzean ere, komunitatearen garapen produktibo, ekonomiko edo kuturalaren aldeko ekimen produktioak egiten. Helburua da ikasleek sustraiak ez galtzea; beste unibertsitate batzuetan, ikasleek edozein bide har dezakete ikasketak amaitzean. Gure kasuan, komunitateak emandako babesari erantzuteko konpromisoa hartu beharko du ikasleak.

Ze garrantzi ematen zaie hizkuntza indigenei?
Unibol Quechuan, sare curricularrak ezartzen du formaziorako baldintza moduan kitxua ikastea. Berba egiteko orduan askok badakite, baina ez idazterakoan. Unibertsitateak hori garatzen du; formazioaren oinarrizko zutabe bat da. Bada beste ardatz transbertsal bat Andeetako kosmobisioari buruzkoa; bertan, indigenei eragiten dieten prozesu historiko, sozial eta ekonomikoak lantzen dira. Sare curricularreko bi elementu hauek oso garrantzitsuak dira formazioan; titulua lortzeko, esaterako, azken lanak kitxuen hizkuntzan egon behar du. Baina, era berean, hizkuntza horrek izan behar du egunerokotasuean komunikaziorako ohiko hizkuntza. Hori lortzeko, irakasleak formatzeko lan egin behar da. 

Ohiko irakasleen figuraz gain, jakintsuek ere badute pisua.
Irakasle jakintsuak erakundeek bultzatutakoak dira eta alor ezberdinetan esperientzia eta ezagutza dute: medikuntzan, nekazaritza eta abelzaintzan, kultura kitxua duten erritualetan, hizkuntzaren erabileran... Helburua da haiek ere, etorkizunean, karreren zuzendaritzako karguak edo unibertsitatearen kudeaketari lotutakoak ere hartu ahal izatea.

Unibertsitate hauek sortu haurretik, ze aukera zuten indigenek goi mailako hezkuntzara heltzeko?
2008a baino lehen, indigenendako aukerak baztertzaileak ziren. Unibertitate publiko zein pribatuek ez dute borondate politiko edo instituzionalik izan indigenei euren interes kultural edo bokazio produktiboaren araberako formazioa eskaintzeko. Unibertsitateek politika monokulturala izan dute, homogeneizaziora bideratutako heziketa prozesuak sustatuta. Ezaugarri estrukturalei ere erantzuten die horrek; azpiegiturak ez dira behar bestekoak edo behar bezalakoak nekazaritza-guneetan eta ezin zen Lehen edo Bigarren Hezkuntzarik egin. Jende gutxi joan zitekeen unibertsitatera. Era berean, esan daiteke estatuak berak ere, homegeneizazioa lortu nahian, herrialdeko aniztasun kulturala ikustezin egin gura izan duela.

Eta zein onura ekarri ahal dizkie komunitateei euren kideek goi mailako hezkuntza izateak?
Egun, komunitateek izan ditzakete nolabaiteko profesionalak, baina beste unibertsitate batzuetan formatutakoak izan ohi dira, eta ez dute indigenen dinamika kultural, ekonomiko, sozial edo produktiboa ezagutzen. Ideologia, hizkuntza edo kosmibisio bereko profesionalak izatea oso garrantzitsua izango da. Agronomian formatutako jendea sortzea da helburua, baina identitate kulturalaren osagarri indartsuarekin, eta hizkuntzaren maneiuarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak