Diputatuen Kongresurako eta Senaturako Gipuzkoako EAJ-PNVren hautagaitza Garaia Berrikuntza Gunean eta MUn izan da goizean. Diputatuen Kongresurako hautagai Arantxa Tapiak PSE-EEren jarrera salatu du eta honakoa adierazi du: "Euren buruei dominak jartzen baino ez dakite. Gipuzkoarentzat I+G+Bn inbertsioak ekarri dituztela diote, baina hori ez da egia; alabaina, EAJ-PNVk, une larriak bizi zirenean, berrikuntza eta teknologiaren aldeko apustua egin zuen, gure industria mantentzeko. Eta hori guztia, eskumena eduki gabe. Horri esker, Gipuzkoaren eta Euskadiren langabezi tasa Estatukoa baino txikiagoa da".
PP eta Ezker Abertzalea
Era berean, Tapiak PP eta Ezker Abertzalea kritikatu ditu, eta segidakoa esan du: "PPk mehatxua egin du, eta Osasun eta Hezkuntza arloetan izan ezik, beste arlo guztietan jaitsierak egingo ditu. Hau da, berrikuntza murrizteko Espainiaren politikarekin jarraituko du. Dena den, arriskutsuena honakoa da: Estatuarentzat bereganatu nahi dituzte guri dagozkigun hainbat eskumen; argi eta garbi erakutsi dugunean hobeto kudeatu ditugula; eta kudeaketa horren ondorioz, iritsi gara dugun ekonomia eta gizarte ongizate egoerara.
Bestalde, Gipuzkoa Ezker Abertzalea dago. Berrikuntzan %30eko murrizketa egin dute. PSOEren antzera ezkerreko politika egiten dutela diote; hots, soilik epe laburrean diru bildu nahi dute klase ertaineko herritarrei esker, eta epe luzean, ez dute bermatzen ez enplegurik ez ongizaterik".
"Eredu ekonomiko egokia"
Ildo beretik, Arantxa Tapiak azpimarratu duenez, EAJ-PNVk duen ekonomia eredua onena da. Hona hemen Tapiak emandako arrazoiak: "Aurrekontu orekatuekin eta zorroztasunez hazten joan gaitezke, enplegua sortu dezakegu, eta murrizketarik gabe zerbituzk mantendu daitezke. Ekonomia politika dugu benetazko ekonomiari laguntzeko, hau da, aukerak eta enplegua sortzen duen ekonomia produktiboari. Industria politika bat dugu, Enplegua Sustatzeko Politikak garatzeko. Eta, hau guztia gutxi balitz, gure ereduak bermatzen du, herritarren ongizatea eta Europako iparraldeko edozein Estatuaren antzeko gizarte oreka".
Berrikuntza gakoa
Amaitzeko, Tapiak gogoratu duenez, "pertsonak dira ezagutzara eta berrikuntzara bideratutako ekonomia baten oinarria. Industria ekonomia aurreratuenen eboluzioak honakoa dio: ezagutzan oinarritutako industriek eta antolakuntzek enpleguaren eta barne produktu gordinaren erdia baino gehiago sortzeko gaitasuna izango dute. Horregatik, gure ekonomia ereduak bikaintasuna eta ezagutza bilatzen ditu, gure enpresek aurrera egiten jarrai dezaten".
Bestalde, GBBko presidente Joseba Egibarrek azpimarratu duenez, "lehiakorrak izateko ikerketa ezinbestekoa da. Zutabeak sendo mantendu behar dira, eta, horretarako, eredua ondo finkatua eduki behar dugu. Hori da, hain zuzen, Estatu espainiarrak ez duena".
Honenbestez, Joseba Egibarrek honakoa adierazi du: "gizarte sarea landu eta oreka bilatu behar dugu. Hori soilik lortzen da herri baten partaide izateko sentimenduarekin. Ezinbestekoa ez zaigunari uko egin behar diogu, gizarte guztiak ezinbestekoa izan dezan. EAJ-PNVn horretarako prest gaude".
"Ez dute proiekturik"
Egibarrek, halaber, segidakoa esan du: "PPk, PSOEk eta Ezker Abertzaleak ez dute Euskadirentzat definitutako proiekturik. PP eta PSOEtik ateratzen den guztia Madrilera doa zuzenean, ez dutekoa Euskadirentzat proiekturik; Ezker Abertzlearen proiektua aldiz, zaharkitua dago eta epikan zein emozioan oinarritua".
Azkenik, GBBko presidenteak herritarrei dei egin die bozkatzera joateko. Egibarren ustez, "bakoitzak boto bakarra dugu, eta argi izan behar dugu zein dan boza horren indarra. 1.500 boto falta zaizkigu Madrilen Gipuzkoako bigarren Diputatua izateko, eta bertan gure burua sendotzeko. Horregatik, etxez etxe, kalez kale, joango gara boza guzti horien bila, Euskadi eta Gipuzkoaren alde lan egiten eta aurrera eramaten jarraitzeko".
"Euskadiren hitza EAJri esker"
Senaturako hautagai Lore Leanizbarrutiak ere hitza hartu du, eta honakoa azpimarratu du: "Euskadiren hitza Diputatuen Kongresuan zein Senatuan entzuten da EAJ-PNVren lanari esker. Estatutik hona boza eskatzera datozen horiei gero ez zaie entzuten hitz egiten Euskadirentzat edota Gipuzkoarentzat onurak ekarriko dituzten proiektuei buruz; izan ere, PP eta PSOEren ADNa zentralizazioa baino ez dago. Bien bitartean, beste batzuei ahoa hitzez betetzen zaie, baino ez dute ezer egiten, eta, gainera, beti ezkor. Horren aurrean gu beti baikor izango gara, eta gure herriaren alde, Euskadiren alde, lanean jarraituko dugu".