Batzar hauekin, Aldundiaren diru kontuak nola dauden jakiteko aukera eman nahi diete herritarrei: "egoera ekonomiko txarrari aurre egiteko zer neurri hartzen ari diren eta zer lehentasun dauden datorren urteari begira", dio Foru Aldundiak.
Kontuak garbi, Gipuzkoa berri baterantz goiburupean, lau bilera egin dira orain arte –Errenterian, Azpeitian, Tolosan eta Irunen–; gaur beste bat egitekoa ziren, Beasainen, eta hilaren 16an Arrasaten izango dira.
Beste bilera batzuk ere egin ditu Foru Aldundiak, departamentuka, Gipuzkoako gizarte eragileekin. Orain arte, mila herritar etorri dira bilera hauetara.
Batetik, herrietan egindako bilerei dagokienez, hainbat diputatuk, zuzendarik eta batzarkidek hartu dute parte guztietan, Martin Garitano diputatu nagusia buru; baita tokian tokiko gizarte eragileek, zinegotziek, alkateek eta, oro har, herritarrek ere. Batez beste, 120 lagun bertaratu dira topaketa bakoitzera.