Garai hartan 12-13 urte inguru izango zituzten erretratukoek, infantil mailako atletak ziren, 1957-1958 urteetan jaiotakoak. Argazkian daude, ezkerretik hasita, goian: Mariflor Roa, Mertxe Beltran, Jasone Godoi, Garbiñe Heriz, ezezaguna, Maria Jesus Urkiola, Jaione Oyanguren, Agurtzane Ugalde, Asuncion Agiriano, Anabel Nafarrate, Anabel Martinez eta Lourdes Azkoaga.
Makurtuta daudenak, ezkerretik hasita: Mari Carmen Uribesalgo, Jaione Aranburu, Mari Carmen Arconada, Ane Miren Etxeberria, Asun Iturbe, Gema Jauregi, Mari Carmen Lagunilla eta Amaia Larrañaga.
Gazteendako proba zen
Erretratu horrek 40 urte beteko baditu ere, gaur egun ezagutzen dugun koadrilen arteko Santamas krosa ez da oraindik urteurren horretara iritsi: "Urte batzuk geroago hasi ginen gaur egun ezagutzen dugun koadrilen arteko Santamas krosa antolatzen, eta, erretratuaren sasoian, gaztetxoendako distantzia askotariko probak antolatzen genituen".
Hala, klubak gaur egun gazteendako antolatzen duen lasterketaren antz handia zuen orduko proba hark. "Koadrilen artekoa eguerdian egiten dugu, baina lehenago gaztetxoak Iturriotzen eta Erdiko kalean ibiltzen dira korrika, eta orduan ere distantzia antzerakoko lasterketak egiten genituen, erretratukoak infantil mailakoak direlako. Gogoan dut Donostiara eta beste leku askotara joaten ginela korrika egitera, baina Santamas aurretik erabaki genuen herrian lasterketa bat antolatzea, eta halaxe hasi ginen".
Erretratuko atleta horiek gaur egun lantegiko langile, liburutegiko langile, irakasle, politikari eta irakaskuntza zentroetako kudeatzaile dira, besteak beste. Eta erretratuak balio du, baita ere, duela hilabete gutxi hil den Agurtzane Ugalde gogoan izateko.
Baina eurekin batera ikustekoa da ingurua ere zelan aldatu den. Herriko Plazan bertan ateratako argazkian, zorua gaur egungoaren erabat ezberdina da eta atzean ikusten den Urizar tabernak egungo Kajoi tabernari egin zion lekua.
Hortik aurrerako guztian, baina, gauzak ez dira horrenbeste aldatu 40 urte hauetan, datorren abenduaren 18an Arrasate Kanpanzar taldeak antolatuko duen gaztetxoendako Santamas krosean ere hainbat neska koadrila batuko dira-eta, goiza kirol apur bat eginez pasatzeko asmoz.
Koadrilen Santamas krosa
Hala, aurten ere abenduaren 18an atletismo hitzordua izango da Arrasaten. Antolatzaileek aurreratu digute ibilbidean ez dela aldaketarik izango eta egunean bertan eman ahal izango dela izena, proba hasi baino apur bat lehenago.