Era guztietako euskarrietan erabili diren eta dagoeneko argia ikusi duten sortze-lanak erakusten ditu Oterok: Euskal Herriko eta beste leku batzuetako argazkiak, kartel eta logotipoen diseinuak eta aldizkari zein egunkarietako marrazkiak ikus daitezke Kulturateko klaustroan. Abenduaren 11ra arte egongo da zabalik eta ordutegia honakoa da: martitzenetik domekara arte, 17:30etik 20:30era.
Kutxaren laguntzarekin antolatu du erakusketa Udaleko Kultura Sailak. Aurkezpenean Inazio Azkarraga-Urizar alkatea eta Marta Madinabeitia Kutxako zuzendari komertziala izan dira.
Xabi Oteroren hainbat lan ikus daitezke Kulturaten eta Oterok berak aurkezpenean azaldu duenez, 70.000 argazki baino gehiagok osatzen duten artxibotik aukeratu behar izan ditu irudiak: "Atera ditudan argazki guztiak atera zitezkeenak dira, hau da, protagonisten baimenarekin atera ditut".
Argazkilaritza nola ulertzen duen ere azaldu du: "Argazkiak prozesu handi baten zati txiki bat dira, niretzat ez dira prozesu horren zatirik garrantzitsuena. Goiz hotz-hotz batean itxaronaldi luze batetik aukeratzen duzun unea dira, behe-lainoa desagertzen hasten denekoa".