TRT Racing taldekoak lider dira sailkapenean, eta asteburuan izango dute hitzordu erabakigarria, Nafarroako zirkuituan (Los Arcos). Openean lider joatearekin batera, Nafarroako eta Alcañizko zirkuituek batera antolatzen duten Abiadurazko Txapelketan ere lehenengo doaz orobengoatarrak. Berez Openeko azken lasterketa izan behar zen domekakoa, baina eguraldi txarra tarteko azaroaren 28ra atzeratu dute azken lasterketa.
Hainbat proba Los Arcosen
Hitzorduz betetako asteburua izango da Los Arcosen, bihar eta etzi erresistentziako Espainiako Kopa, Clio kopa, Espainiako prototipoen txapelketa eta Nafarroako Opena jokoan egongo direlako. Hain zuzen, azken txapelketa horretan lider dira arrasatearrak, euren kategorian (3 klasea), eta lidergo hori defendatzen ahaleginduko dira asteburuan –baliteke ibarreko pilotu gehiago egotea, nahiz eta sailkapenean ez duten ezer jokoan. Bihar, zapatua, entrenamendu saioak izango dituzte (08:30), eta domekako lasterketak bi txanda izango ditu. Lehenengoa 12:30ean hasiko dute, eta bigarrena 16:50ean.
Errepidetik zirkuitura
Hainbat urtez Euskal Herriko igoera eta rallysprintetan esku hartzen ibili eta gero azken urteotan zirkuitu itxietan dabiltza buru-belarri. Duela urte batzuk ausartak izan ziren TDI motordun Ibiza batekin igoeratara aurkezten hasi eta lasterketa txukunak egiten hasi zirenean. Orain, Seat Sport etxeak Montmeloko 24 orduak egiteko prestatu zuen autoaz dabiltzalako lehian. Txapelketa irabaztea lagungarri izango litzateke datozen denboraldiko proiektuetan laguntzeko beharrezkoak diren babesleak erakartzeko.