BDR Thermea munduko enpresa garrantzitsuenetariko bat da etxeko zein industriarako berogailu eta ur-berogailu sistema berritzaileetan. Fagor Etxetresnen esanetan, hitzarmen horrek bi enpreson produktuak komertzializatzeko erraztasunak emango ditu, eta "biak haziko" dira, eta Fagor Etxetresnen posizioa hobetu egingo da confort arloan. Hitzarmena lotuta dago eta egunotan dira formalizatzekoak. Fagor Etxetresnen hitzetan, "luze landutako" akordioa da, azkenean gauzatu egin dena.
BDR Thermeak Herbehereetan du egoitza nagusia, eta Europako sei herrialdetan –Erresuma Batua, Frantzia, Espainia, Italia, Alemania eta Herbehereak– lidergo posizioak ditu, eta azkar hazten dabil Europa ekialdean, Turkian, Txinan, Errusian eta Ipar Amerikan. Thermearen apustu estrategikoa da hainbat herrialdetan hainbat markapean saltzea: adibidez, Remeha, BaxiRoca eta DeDietrich.
Txinara begira
Fagor Etxetresnek beste enpresa batzuekiko aliantza estrategikoak egiteko bidean aurrera egiten du, mundu mailako krisi testuinguruan. Krisi hori, batez ere, Europako merkatuetan igartzen da. Fagor Etxetresnak Europako bosgarren ekoizlea da: bere salmenten %86 inguru Europan egiten du, eta %14, kanpoan. Horregatik, Txinan ere aliantza bidez hazi nahi du orain Arrasateko ekoizleak, eta Txinako "agente nagusi batekin" egin nahi dute hori, Fagor Etxetresnen esanetan. Dagoeneko lantzen dabil etorkizun hurbilerako aliantza hori.
Merkatu egonkorra
Momentuz, krisiaren eraginez, Europako merkatua egonkor dago, hazkunderik gabe ia, eta aurreikuspenek diote 2015era arte ez duela hobera egingo. Hala ere, Fagor Etxetresnek Europako 5. postuari eutsi diote. 9,8 milioi euroko galerekin itxi zuten 2010eko jardunaldia, 2009an baino %50,7 gutxiago (orduan, 19,9 milioi galdu zituen).