Konponketa sakonak egin ostean, bazkideak eta bazkide ez direnak gonbidatu nahi dituzte Besaidekoek, aterpetxea erabiltzeko, "erabilpenak ematen baitio bizia eta zentzua Leixargarateko aterpeari" diote. Lagunartean asteburua pasatzeko gune ederra da eta baliabide ezin hobeak eskaintzen dituztela diote Besaidekoek.
Prezioak ondokoak dira: Besaideko bazkideak: 7 euro; Besaideko bazkide ikasleak: 5 euro, eta bazkide ez direnak: 10 euro.
Aizkorriko parke naturala
Leixargarateko aterpea Aizkorriko parke naturaleko inguru paregabe baten kokatuta dago, Alabita aldamenean, hain zuzen ere. Bertako pagadiez gozatzeko aukera dago, baita mendi ibilaldi ederrez ere. Degurixako zelaiak esku eskura daude. Eta mendi itzuli ederra eginez, Kurtzeberri, Aitzorrotz edo Elgeako inguruak, eta urrunago Urbia-Aitzgorri ingurua bertatik bertara ezagutu daitezke.
12 lagunendako tokia
Laixargarateko aterpea Besaideko bazkide denen eskura dago nahi duenak erabili dezan. Aterpean 12 pertsonentzako literak, sukalde bat, su baxua eta komuna… daude. Aterpea erreserbatzeko, zuzendu behar da Besaideko egoitzara, martitzenetan, 19:30etik 20:30era bitartean (943 77 30 66, www.besaide.org).