Aggressive Combat: "Azken hiru urteotan egin ditugun 11 abestiz osatutako diskoa grabatu behar dugu"

Ander Monedero 2011ko azaroaren 10a

Aggressive Combat talde arrasatearrak 2004. urte bukaeran hasi zuen bere ibilbidea eta ordutik hona, bi disko kaleratu eta 100 kontzertu baino gehiago egin dituzte. Hurrengo astean hirugarren diskoa grabatzen hasiko dira.

Gazte hasi zineten taldearekin, ezta?
Bai. 16-17 urterekin Arrasateko Depositoetan lokala lortu genuen. Ilusio handiarekin hasi ginen eta aurrera joateko gogoarekin jarraitzen dugu.

Nolako bilakaera izan du taldeak?
Hasi ginenean argi genuen Streetpunk musika egin nahi genuela eta zazpi urteren ostean, estilo berdina egiten jarraitzen dugu. Estilo aldetik ez gara aldatu, baina urteekin hobeto jotzen ikasi dugu.

100 kontzertu baino gehiago jo dituzue. Ez zarete lokalean sartuta geratzen den taldea.
Bai, kontzertuak ematea gustatzen zaigu eta hasi ginenetik ez gara ia geldi egon.

Euskal Herrian zehar egin dituzue kontzertu gehienak, baina kanpoan asko mugitu den taldea da Aggressive Combat.
Bai. Urtero Galiziara joaten gara kontzertu batzuk ematera. Horretaz aparte, Katalunian, Madrilen, Asturiasen eta Bordelen jo dugu.  2009. urtean 'Survive', gure bigarren diskoa kaleratu genuenean, Alemanian eta Txekiar Errepublikan bira bat egin genuen.

Zer-nolako lekuetan jotzen duzue?
Normalean gaztetxe eta tabernatan jotzen dugu baina areto eta jaialdietan ere jotzeko aukera izan dugu. The Bussiness, Stigma, Blood or Whiskey edo Perkele bezalako taldeekin jo dugu.

Urte hauetan guztietan zuekin batera sortu diren talde askok ez dute bost urte baino gehiago iraun. Hasierako ilusiorekin jarraitzen duzue?
Zaila da zazpi urteren ondoren ilusioa izaten jarraitzea, baina guk hasierako ilusioa mantentzea lortu dugu.

Boskote bezala hasi zineten, gero laukote izatera pasatu zineten eta, orain, berriz ere, bost kidek osatzen duzue Aggressive Combat.
Lehenengo bost urteetan bi gitarra jotzaile genituen taldean baina, gero, Arnaizek taldea utzi eta laukote bezala jarraitzea erabaki genuen. Horrela bi urte eman ditugu eta, irailean Iñaki sartzea erabaki genuen.

Orain disko berri bat grabatu behar duzue.
Hirugarren diskoaren grabaketa hurrengo astean hasiko dugu. Bi edo hiru aste bukaeratan grabatuko dugu Karlotek Aretxabaletan duen estudio berrian.

Zenbat kantu grabatu behar dituzue?
Azken bi edo hiru urteetan egin ditugun 11 abesti grabatu behar ditugu.

Aurreko diskoa zuek kaleratu zenuten, baina hainbat banatzailek diskoa saltzea lortu zenuten. Disko berriarekin berdina egingo duzue?
Helburua hori da. Aurreko diskoak izandako banaketa izatea nahi dugu. 'Survive' diskoak Euskal Herriko, Madrileko, Alemaniako eta Italiako banatzaileak izan zituen.

Kanpoan jotzeko beharrekoa da banaketa on bat izatea?
Bai, Europatik zehar birak egiteko banaketa on bat izatea beharrezkoa da. Kontzertuak antolatzen dituen jendeak zure materiala eskuragarri izan behar du, bestela oso zaila da kontzertuak lotzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak