Beasain-Durango autobidea aurrera aho batez, baina orain arteko azpiegiturendako inbertsio politika salatuz

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko azaroaren 8a

Azaroko ohiko plenoan mozioek eragin dute eztabaida gehien. PSE-EEk Iturbideko egoitzaren defizita ekarri du gogora eta defizit horren aurka egiteko neurriak eskatu dizkio Aldundiari; mozioa ez da onartu. Are gehiago, Bilduk mozioaren osotasunari emendakina aurkeztu dio, eta Aralarren aldeko botoarekin onartu egin da. Bestalde, Beasain-Durango autobidearen gainean EAJk aurkeztutako mozioa aho batez onartu da. Hori bai, Bilduk "obra garrantzitsua" delako aldeko botoa eman arren, uste du joan den legealdiko inbertsio politika –azpiegitura erraldoiak egiteko zorpetzearena, diotenez– jasanezina dela.

Mozioez aparte, hiri antolamenduaren egitamu orokorraren berrikuspenaren aurrerapena jendaurrean jartzea adostu du udalbatzak. Agiriaren erakusketa Kulturaten egingo da 2011ko abenduaren 16tik 2012ko otsailaren 5era arte.

Bestalde, 2010ean Kutxarekin hitzartutako mailegua erabiltzea adostu du. EAJk, aldeko botoa emateaz batera, mailegua herritarren onura suposatuko duten proiektuak gauzatzeko erabiltzea proposatu du.

Atez atekoarekin eztabaidatzen hasi

Gai zerrendarekin hasi baino lehen, PSE-EEk hondakinen kudeaketarako atez ateko sistemaren kontrako mozioa aurkezteko proposamena egin du. Gaiak ez du aurrera egin (EAJ eta PSE-EE alde eta Bidu eta Aralar kontra).

Hala ere, galdera eta eskaeren puntuan PSE-EEko bozeramaile Aritz Arrietak eztabaida "urgentziazkoa" dela aldarrikatu du eta talde bereko Paco Gartziak gaineratu du ea Mankomunitatean onartu aurretik herritarrei kontsulta egin zaien.

Inazio Azkarraga-Urizar alkateak erantzun die esanez sistema horren alde daudela eta ez dutela urgentziarik ikusten gaia lantzeko. Hurrengo plenoan hasiko dira gaia lantzen.

Iturbide egoitza eta Beasain-Durango

Mozioekin jarraituz, Iturbideko egoitzaren gainean PSE-EEk mozioa aurkeztu du. Defizitari aurre egiteko neurriak hartu eta horiek hartzeko epe ezberdinak proposatu dituzte sozialistek. Mozioari emendakin bana aurkeztu die EAJk eta Bilduk.

Azken emendakin hori onartu da. Bildukoek uste dute 2009az geroztik alderdi sozialistak ez dituela egoitzako eskumenak banatu eta finantza doitu. Beraz, ez dute begi onez ikusten hura bete ez izana Aldundiko gobernu talde berriari egotzi izana: "Zentzuzko eskaerak egin behar dira, egoera zaila da, eta azken hamar urteotan egin ez dena ezin da sei hilabetetan egin".

EAJk, bestalde, Beasain-Durango autobidearen obrak gelditzearen kontrako mozioa aurkeztu du. Mozioaren bidez, Aldundiari eskatuko zaio Urretxun hasita dauden obrak ez gelditzea eta bereziki Deskargako tunelaren zatiarekin aurrera egitea, horrela Urretxu eta Antzuola arteko zatiari lehentasuna emateko.

Aho batez onartu da mozioa. Bilduk "obra garrantzitsua" delako onartu du, baina taldeko bozeramaile Iraia Solak salatu du aurreko legealdian Aldundian izandako inbertsio politika. Aldundiak jaso duen herentzia kritikatzeaz gain, Bidegi eta Bidelan erakundeetan oinarritutako eredua "jasanezina" dela adierazi du Solak eta EAJri eskatu dio aurreko legealdian onartutako proiektuetarako finantziazio bideak nola aurreikusi zituen azaltzea. Esandako moduan, talde guztiek alde bozkatu dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak