Zabalik dago neguko aterpetxea, gaua non pasa ez dutenendako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko azaroaren 8a

Egokitzapen lanak egin ostean, neguko aterpetxea azaroaren 4an ireki zuen Udaleko Gizarte Zerbitzuak. Martxoaren 31ra arte egongo da zabalik, egunero, 19:00etatik 09:00etara. Hori bai, hiru gradu baino gutxiago iragartzen badute egun osoan zehar egongo da zabalik. Aterpetxearen helburuak dira etxerik gabeko pertsonei negua pasatzeko lekua eskaintzea, beste baliabideetarako sarrera erraztea eta prest agertzen direnei bizi duten egoera sozio-pertsonala hobetzera bideratzeko beharrezkoa den interbentzioa egitea.

Oraingoz ez dute eskaerarik jaso. Ez da harritzekoa, aterpetxeak bost egun daramatzalako zabalik. Hori bai, Ane Gorosabel gizarte hezitzaileak adierazi digu aurreko urte batzuetan aterpetxea ireki eta egun berean jaso dituztela eskaerak. Gainera, asteburuan egin duen euriarekin. asteburuan zehar espero zuten eskaeraren bat edo beste izatea.

Neguko aterpetxea erabiltzea behar duten interesatuek Udaleko Gizarte Zerbitzuetan egin behar dute eskaera. Larrialdi kasuetan, egun bereko gaua pasatzea behar dutenek, udaltzaingoan eska dezakete aterpetxerako giltza eta zerbitzua jasotzen jarraitu gura badute Gizarte Zerbitzuetan eskaera formala egin beharko dute.

Tokia, mugatuta

Aterpetxeak 16 ohe ditu. Bi gela daude, emakumezkoendako eta gizonezkoendako gela bana. Horrez gain, komuna –dutxa eta guzti– eta egongela txiki bat ere baditu. Eskainiko diren zerbitzuak bi multzotan banatzen dira: zerbitzu materialak eta giza baliabideak. Zerbitzu materialen artean, gau pasatzeko aukera emateaz gain, garbitasun zerbitzua –dutxa eta garbigailua– eta gosaria emango zaie.

Bestalde, Ane Gorosabel hezitzaileak goizero bisita bat egingo du, astelehenetik egubakoitzera, eta prest agertzen diren erabiltzaileei hainbat arlo lantzeko aukera emango die: harrera zerbitzua, informazioa edonolako kezken gainean, laguntza tramite ezberdinak burutzeko, erantzukizunak sustatu, instituzio era erakundeekin harremana sortu edo sendotu eta higiene eta osasun ohiturak indartu, besteak beste.

Iazko zenbait datu

Erabiltzaileek negu osoa pasa dezakete aterpetxean. Hori bai, astero sarrera txartela egunera beharko dute. Iaz, esaterako, 22 erabiltzaile izan zituen zerbitzuak, 21 eta 57 urte arteko bost emakume eta 17 gizonezko. Erabiltzaile gehien batu zen garaia urtarril bukaera izan zen, 12 pertsonekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak