"Herritarren erantzuna oso ona izan da beti, eta oraingoan ere bai. Martxoaren 23an zabaldu genuen Bergarako Bankua eta elikagai asko batu dugu", esan digu Bergarako Elikagai Bankuko arduradun Jose Antonio Agirrebeñak.
Banaketa hainbat herritan
Arrasaten batutako elikagai guztiak –garbantzuak, pasta, dilistak, galletak, irina...– Bergarako biltegira eroango dituzte, eta handik bideratuko dute banaketa, Debagoieneko eta gure bailaratik kanpoko beste herri batzuetara. "Guk ez dugu banaketa zuzenean egiten. Udala, Caritas eta GKE-k arduratzen dira horretaz", dio Agirrebeñak.
Zure erosketako pixka bat, asko da lelopean egin duten kanpainan jasotako elikagai kiloen %20 gehiago ematen du Eroski Fundazioak beharra duten familien artean banatzeko.
Elikagaiak batzeko zortzigarren kanpaina izan da aste bukaerakoa. Aurreko zazpietan 37.270 kilo janari batu zituzten. "Krisiak gogor astindu ditu familia asko, eta janaria behar dute. Halako kanpainak beharrezkoak dira", esan digu Agirrebeñak.