Gurasolandian ikasitakoa, praktikara orain

Irati Goitia 2011ko azaroaren 6a

'Ikasi, transmititu eta praktikan ipini!' lelopean Gurasolandia egin dute hirugarrengoz. Eguaztenean hasi ziren gurasoei zuzendutako ekintzak eta asteburuan izan dute jarraipena.

Gurasolandiaren helburua da ume eta gurasoek aisialdia batera pasatzea, eta baita gurasoek euren kezka eta esperientziak konpartitzea. Hala, eguaztenean hasi ziren gurasoei zuzendutako hitzaldi eta tailerrak, eta atzo ere izan ziren hainbat ekintza.

Jostailu erakusketa

Atzo goizean jostailu tailerra egin zuten Kulturaten.  “Jostailu erakusketa muntatzen dugu, batez ere, euskarazko jostailuak ezagutarazteko. Gabonak gainean ditugunez, gurasoei aholkuak ere ematen dizkiegu: zein den adin bakoitzerako jostailu egokiena, zein balore transmititzen duen…” adierazi zigun Aizpea Otxandiano Txatxilipurdiko guraso elkarteko arduradunak.

Erakusketan adin tarteka zituzten banatuta jostailuak: 3-5 urte, 6-8 urte eta 9 urtetik gora. Jostailu kooperatiboak ere bazituzten; umeek elkarrekin jolasteko eta lehiakortasuna deuseztatzeko. Txoko digitala ere bazegoen; ordenagailurako euskarazko jolasak erakusten zituzten. Horretaz gain, ume txikienendako jolas sinbolikoak ere bazeuden.

Masaje ikastaroa

Atzo masaje ikastaroa ere izan zuten. Garikoitz Lopez de Muniain izan zen irakaslea eta kurtsoaren helburua izan zen haurren eta gurasoen arteko komunikazio modu berri bat garatzea: ukimena. Guraso zein haurrendako onuragarria den komunikazioa dela esan zuen Lopez de Muniainek eta masajeek balio dutela guraso eta umeen artean lotura afektiboa sortzeko eta tentsioak murrizteko.

Jende gutxitxo

Aizpea Otxandianok esan zigun ekintzetan jende gutxitxok parte hartu duela, baina hitzaldi eta ikastaroetan izan diren guztiak oso gustura egon direla. Hurrengo urtera begira, formatua aldatuko dutela gaineratu zuen, baina jarraituko dutela gurasoendako hitzaldi, tailer eta erakusketak muntatzen.

Gaurko jaialdia zuten antolatuta, baina bertan behera gelditu da eguraldi txarrarengatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak