Odon Elortzak uste du sozialistak lehenengo indarra izan daitezkela Gipuzkoan

Arritxu Barruso 2011ko azaroaren 4a

Kongresurako Alderdi Sozialistaren Gipuzkoako zerrendaburu Odon Elortzak Arrasaten hasi du Gorteetarako hauteskunde kanpaina. Arrasateko Laubide plazan izan da gaur goizean arrosak banatzen. Aldamenean izan ditu Senaturako hautagai Blanca Roncal, Arrasateko zinegotzi Aritz Arrieta eta Paco Gartzia legebiltzarkidea, besteak beste. Azaroaren 20an sozialistek ezustekoa emango dutela iragarri du Odon Elortzak. 

Ekitaldia hasteko Isaias Carrascorekin batera terrorismoaren biktima guztiak gogoan eduki nahi izan ditu Elortzak. Horren harira azaldu du sozialisten konpromiso irmoa dela datozen urteetan pertsona guztien arteko elkarbizitzaren alde lan egitea: pluraltasunean elkarbizitza lortzea.

Horretarako ezinbestekotzat eman du alderdi politikoen arteko batasuna. Bake prozesuak aurrera egin dezan alderdi guztien arteko batasuna eskatu du Elortzak, Amaiur koaliziari, EAJri eta Alderdi Popularrari dei eginez.

Egoera ekonomikoari eta batez ere Gipuzkoak gaur egun duen %13ko langabezia tasari bueleta ematea izango da sozialisten bigarren erronka nagusia.

Odon Elortzak sorpresak iragarri ditu azaroaren 20ko gauerako. Euskal Autonomia Erkidegoan oso emaitza onak espero dituzte, eta ez dute alboratzen lehenengo indarra izatea:"Ez diogu uko egiten Gipuzkoan lehenengo indarra izateari, edo Bizkaian, eta batez ere Araban.  Oso fidakor daudenek, beraiek jakingo dute zertan diharduten, baina arduratuta egon beharko lirateke; edo ondo egingo lukete Gipuzkoko instituzioak gobernatzera dedikatuko balira. Rajoy baino Rubalcaba nahiago duen jende asko dago, eta horiek mobilizatzen baditugu ezustekoa emango dugu Euskadin". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak