Besteak beste ezker abertzaleko Arrasateko alkate ohi Xabier Zubizarreta eta Ino Galparsororen eta Alternatibako zinegotzi ohi Joseba Ugalderen babesa izan du Maite Aristegi Amaiurren Gipuzkoako zerrendaburuak goizean Arrasaten egin duen agerraldian. Azaroaren 20 hauteskundeen garrantzia azpimarratu du bertan Aristegik. "Konbentzituta gaude azaroaren 20ko hauteskundeak erabakigarriak direla bake eta normalizazio politikoan sakontzeko" adierazi du hautagaiak.
Zentzu horretan, Madrilera mezu argia bidali gura dutela gaineratu du, eta esan euskal herritarren eskubideak, erabakitzeko eskubidea eta eskubide sozial guztiak defendatzeko aukera dela hau, aprobetxatu beharreko aukera.
Bere hitzetan, aro berri baten aurrean gaude, bake eta errespetu giroa eskatzen duen aro baten aurrean. Horrek, Aristegiren esanetan, indarkeria adierazpen guztiak desagertzea eskatzen du eta Gernikako Akordioan sinatu moduan, horretarako konpromisoa hartzen dute.
"Egun indarkeria erabiltzen duen bakarra Estatua da"
Aristegik gainera, bart Iruñean jazotako gertaera bat salatu gura izan du. Azaldu du Espainiako poliziak Amaiur koaliziko hautagaia den Joseba Compains kolpatu eta mehatxatu egin zuela atzo propaganda banatzen ari zela. Salatu duenez, besteak beste esan zioten tiro bat merezi duela.
Maite Aristegik esan du gertaera horrek erakusten duela egun indarkeria erabiltzen duen bakarra Estatua dela. Mehatxuak salatu ditu, baita jarduera politikoen kontrako jazarpenak ere. Gainerako alderdi guztiei dei egin die argi eta ozen esan dezaten horrelako jazarpenen kontra daudela.