Horrez gain, "enpresa guztiek ez dute zertan Asian egon", bere iritziz, baina "akats handia da gaur egun Txina kontuan ez hartzea". Era berean, mundua astintzen ari den krisiak min txikia egin dio Txinari, baina hara joan diren euskal enpresek ere hobeto eutsi diote.
Mondragon Korporazioak 25 urte daroa Txinan, baina herrialde horren eta Asia osoaren boom-a azken urteotan izan da, batik bat. Goraldi horren hasiera aldean, orain zazpi urte, "birritan pentsatu barik" joan zen Laspiur Txinara, Mondragonek proposatu zionean. Orain, 31 urteko arrasatearra Mondragon Internacional adarrean Asiako erosketen esparruaren zuzendaria da, eta han zelan hazi diren kontatzen digu: "Shanghai da gure zentrala Txinan, eta hortik herrialdean bertan beste ordezkaritza batzuk zabaldu ditugu, baina baita Indian, Vietnamen eta Taiwanen ere". Ordezkaritza korporatiboa Pekinen, hiriburuan dute. Horrez gain, Kunshanen dagoen parke industrialak azaroan bertan egiten ditu lau urte.
Hazkundea Txinan eta hemen
Munduko finantza krisiak gutxi eragin dio Txinari. Baina hara joan diren enpresek ere hobeto eutsi diote krisiari: "Han dauden enpresak hazi egin dira, baina garrantzitsua da ere enpresa horiek hemen duten filiala ere hazi egin dela. Gure enpresa askok etxeko lana ondo eginda zuten eta krisia ez dute hainbeste igarri", esaten du Laspiurrek.
Kontuan izan behar da, berak dioskun moduan, "Espainiako merkatua, sektore batzuetan, erdiraino murriztu dela". Horren parean, "Txinak ez du frenorik. Adibidez, makina-erremintan, orain urte batzuk, munduko %4 zen Txina, eta gaur egun %40 da. Automobilgintzan ere, Ameriketan eta Europan baino auto gehiago egiten da Txinan".
Horrek esan nahi du Txina ez dela izango "munduaren lantegia, baizik eta munduaren merkatua". Izan ere, Txinaren helburua da "bere barne merkatua gero eta handiagoa eta kualifikatuagoa izatea". Horregatik, hara joaten dira enpresak, "konpetentzia, orain, han dagoelako".
Enpresendako zerbitzuak
Kunshango parke industriala 2007ko azaroaren 14an inauguratu zuten. Lau urtean, asko hazi da. Jokin Laspiurrek gogoratzen duenez, "hasieran bakarrik bi enpresa zeuden, Wingroup eta Orkli, premia batzuekin eta aukera batzuekin. Gero, Oiarso eta Orbea gehitu zitzaizkien eta lau horiekin hasi zen parkea".
Pixkana-pixkana, kooperatiba eta enpresa gehiago joan dira lantegiak eta ordezkaritzak irekitzen Kunshanen; azkenaldian, Fagor Ederlanen kasua da aipagarrienetariko bat. Kunshango parkea, hasieran 85.000 m2 urbanizaturekin, lau kooperatibaren filialekin eta 650 langilerekin hasi zena, beste 400.000 metro koadrotan handitu zuten.
Hazkunde hori ez da bakarrik korporazioarena: Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena egin zuen Mondragonek, Txinara joan gura zuten euskal enpresei laguntzeko. Gaur egun, Mondragonek hiru zerbitzu eskaintzen dizkie enpresei: kontsultora gisa, kokapen, inbertsio eta ezarpen ikerketak egiten ditu, eta enpresen erregistroa ere badaroa; bestalde, erosketa zerbitzua ere ematen du; eta Kunshango parke industrialean egoteko aukera ere bai.
"Gazteak anima daitezela"
1.500 langile ditu Mondragonek Txinan. Gehienak txinatarrak dira, baina hantxe bizi eta lan egiten duten 40 euskaldun inguru ere badaude. Euskal Etxea dute Shanghain, eta hara doazenek beste euskaldun batzuen laguntasuna ere topatzen dute. "Oraindik kosta egiten da" Txinara joateko gertu dagoen jendea topatzea, Jokin Laspiurrek dioskunez, baina berak "animatu" egin nahi ditu, batez ere, gazteak, eta ez Txinara bakarrik: "Oraingo gazteriak izan beharko luke kanpora joateko bokazioa eta interesa. Hemendik urte batzuetara ez dakigu non egon behar garen, eta garrantzitsua da jendea joateko gertu egotea". Bere iritziz, euskal industria "indartsua da eta produktu oso onak egiten ditu, baina beti dago beste pauso bat aurrera emateko aukera".
-------------------------
Jokin Laspiur, Asiako erosketen arduraduna: "Txina aukera ona izan daiteke, baina ez hemengo arazo baten soluzioa"
Txina mirakulu ekonomikoa da?
Ez, nik ez dut horrela ikusten. Jakinekoa zen Txina izugarri hazi behar zela. Nik ez diot derrigorrez Asian egon behar garenik, baina bai mundu osoa kontuan hartu behar dugula, eta Txina, orain, munduko 2. indar ekonomikoa da.
Lanik ez duen norbaitendako, Txina irtenbidea izan daiteke?
Txinan aukera mordoa dago, eta hara joatea aukera ona izan daiteke, baina hura ez da hemengo arazo baten soluzioa. Badago hemen hiru hilabetez txineraz ikasi eta lan bila joaten den jendea; baina gerta daiteke urte betean lan bila ibiltzea eta ezer ez topatzea.
Ze eragin du hango erregimen politikoak negozioetan?
Lehen, enpresa publikoak indar handiagoa zuen orain baino. Orain enpresa pribatu gehiago dago publikoak baino. Politikoki komunista da, baina han egonda ez da igartzen, negozioak egiteko orduan.
