'Mujeres frontera' musika ikuskizuna zapatuan Amaian

Xabier Urtzelai 2011ko azaroaren 3a

Mujeres Frontera proposamen ezohikoa da, berezia (Zapatua, 20:00, Amaia Antzokia). Berez musika ikuskizun bat da, baina zortzigarren arteak, argazkilaritzak, lagundutako ikuskizuna. Lau dira abeslariak, denak emakumezkoak, eta ikuskizuna Yamila Perezen 90 erretraturekin dago osatuta. Erretratuak erakusteko, baina, bere gorputz biluzia erabiltzen du Perezek, euskarri modura.

Mujeres frontera ikuskizuna Mexikon, AEBtako mugatik gertu dagoen Ciudad Juarez hiriko emakumeek sufritzen duten biolentzia bortitza salatzera dator.  Ciudad Juarez adibide gisa erabiltzen dute, hango gizarte patriarkal eta matxistaren eredu, mafiei lotutakoa. Baina Ciudad Juarezeko ereduak Chihuahuako edozein hiritan balio dezake.
Datu ofizialen arabera azken hamarkadan 100 emakume erail dituzte hiri horretan, eta 70 emakume desagertuta daude. Datu ez ofizialek errealitate gordinagoa erakusten dute: hamar urtetan 350 emakume hil dituzte, eta 400 dira desagertuak. Eta hori guztia hiri bakarrean; emakume izateagatik.

Lau ahots, batuta
Egoera hori salatzeko lau ahots izango ditugu bihar Amaiako taulagainean: Sara Van, Lou Garx, Chiqui Perez eta Roxana Rio. Eta, eskenatokian lagun izango dituzte Luis Fernandez, Jose Gomez, eta Mardeco Gueblon. Abestiekin batera Yamila Perezek bere gorputzeko azala erabiliko du erretratuak erakusteko: "Ez dugu hango emakumeen egoera aldatuko, baina artistok horrelako gertakariak kontatzeko, salatzeko beharra izaten dugu; ezin gara isilik geratu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak