Goikobaluk Burgosko katedraleko domekako mezan abestuko du

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko azaroaren 3a

Burgosko katedralean abestuko du Goikobalu abesbatzak domekan. Santiago bidea egiten dabiltza, baina ez edonola; eurak ondoen dakiten moduan: abesten. Burgosko ekitaldia ibilbideko zazpigarren geldialdia izango da. Asmoa, nola ez, ibilbidea Santiagoko katedralean amaitzea izango da.

13:00etako mezan abestuko dute

Goikobaluko 50 bat lagun joango dira Arrasatetik Burgosera domekan. Eguerdiko mezan abestuko dute, 13:00etan. "Ez da ohiko kontzertua izango, mezako abestiak abestuko ditugu", azaldu du Rakel Murgiondo Goikobaluko kideak eta Goikobalu gazteko zuzendariak.

Luxuzko agertokia izango dela Burgoskoa azaldu dute Goibakoluko kideek. Orain arte kontzertu xumeagoak eskaini izan dituzte, eliza txikiagotan. Gainera, jakin dute Arrasateko eta inguruko hainbat erromesek aukera aprobetxatuko dutela Goikobaluren kontzertua entzuteko.

Barriocanalen ideia izan zen

Jose Antonio Barriocanal Goikobaluko presidente ohiari sortu zitzaion Santiago Bidea abesten egiteko ideia. Urtean zehar, ekitaldirik egiten ez zituzten garaiak aprobetxatzea izan zen asmoa. "Beste batzuk zaldian edo patinetan egiten badute zergatik ez dugu egingo abesten?", esan digu. Eurena kantatzea dela eta hori egingo dutela gaineratu du.

Hurrengo kontzertuak urtarrilaren 14an eta 15ean

Orreagan hasi zuten ibilbidea eta besteak beste, Iruñan, Lizarran eta Santo Domingon abestu ondoren, Burgoskoa ibilbideko zazpigarren geldialdia izango dute. Hurrengoa emanaldiak urtarrilaren 14an eta 15ean egingo dituzte, Palentzia aldean. Eta, nola ez, ibilbidea Santiagoko katedralean amaitzea izango da helburua. "Botafumeiroaren ondoan egon gura dugu...", gaineratu du Barriocanalek.

CD/DVD-a prestatzen dabiltza

Goikobalu abesbatzak 100 bat kide ditu gaur egun, 4 taldetan banatuta. Laster 25. Urteurrena ospatuko dute eta horren harira, CD/DVDa prestatzen dabiltza. Arrasateko irudiekin egin dute DVDa, eta CDan, berriz, Goikobaluko lau taldeek parte hartu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak