Larraitz Ugarte foru bozeramaleak eta Arantza Ruiz de Larrinaga herritarren parte-hartzerako zuzendariak eman dute kanpaina horren berri, gaur. Batzarretara gonbidatuko dituzte gura duten herritar guztiak. Horrez gain, departamentu bakoitzaren politiketan inplikatutako taldeekin topaketak izango dituzte.
Ugartek onartu du 2012ko aurrekontua ez dela egin herritarren parte-hartzea kontuan izanda, berau Batzar Nagusietan aurkezteko denbora eskasa izan duelako Foru Aldundiak. Dena dela, Aldundiaren nahia da herritarrek "zuzenean ezagutzeko" aukera izan dezatela aurrekontu proiektua, nahiz eta berau aldatzeko modurik ez izan.
Astelehenean hasiko dira
Hasteko, Foru Aldundiko sail bakoitza bere politikekin zerikusia duten elkarte eta taldeekin batzartzen dabil. Datorren astelehenetik azaroaren 18ra arte egingo dute herritarrekiko komunikazio zuzeneko kanpaina. Batzar horietan izango dira Martin Garitano, bere gobernuko bi diputatu, Bilduko zuzendari orokor eta dagokion bailarako batzarkideak. Batzar bakoitzera gonbidatuko dituzte tokian tokiko alkateak eta zinegotziak eta eskualde horretako gainerako alderdietako batzarkideak.