Front Malabar: "Abesti pertsonalak dira eta barruko amorrua ateratzeko daude eginda"

Maider Arregi 2011ko azaroaren 2a

Front Malabar power hirukotea Danbakako laugarren edizioan ezagutu genuen. Euren erritmo aldaketa indartsuak ikusle bat baino gehiago txundituta utzi zuen zuzeneko hartan. Orain, lehen lanarekin agertokia astintzera datoz.

Erritmo aldaketak nagusi dira zuen abestietan.
Gure esentzia da. Ez daukagu aurrez definitutako estilorik. Insane abestia, esaterako, alternatiboena da. Was a time punkagoa eta azkarragoa da. Manic soldier kantuak, berriz, erritmo aldaketa asko ditu… ez dago estilo definiturik diskoan.

Gitarra zikinek presentzia dute.
Produkzioak zerikusi handia izan du horretan. Nork bere soinua atera nahi du, baina soinu egokia topatu behar dugu… rock alternatibora eta punkera bideratutako doinua nahi genuen lan honetarako. Abestiak elkarren artean ezberdinak diram erritmo aldetik bereziki, baina orokorrean abesti trinkoak dira.

Are you sure, seguru zaudete?
Oso abesti pertsonalak dira: "Seguru zaude ezagutu nahi nauzula?", diogu kantu horretan. Harremanen gainean hitz egiten du. Kasu honetan, gainera, diskoko abesti azkarrena, kañeroena eta hardcoreena da.

Abestiak Borjak egiten ditu eta bere esperientzietan oinarritzen da bereziki, ezta?
Bai, sentimendu pertsonalak dira. Barruko amorrua ateratzeko eginak. Nola sentitzen zaren azaltzen dute eta sentimenduak azaleratzeko bide dira kantuak. Guretzako esanahi bat dute, era batera ulertzen ditugu; baina abesti berak jendearendako bestelako  esanahi bat ere izan dezake.

Abesti freskoak azkarrak dira, estilo ramonianoa dutenak.
Bai, hori esan izan digute, adibidez, Insane abestia entzutean. Baina alternatiboagoak, ilunagoak direla kantuak esango genuke, eta ez dutela Ramonesekin zerikusirik guretzako.

Diskoaren azala deigarria da.
Marrazkia Interneten aurkitu genuen. Bertan ikusten dira argazkilariak, haurra izututa…Sentsazionalismoa, demagogia erakutsi nahi genuen. Sanoa ez dena azaleratu nahi genuen. Azal polit eta esanguratsua dela uste dugu.

Zuzenean nolakoak zarete?
Zalantza barik, zuzeneko taldea gara. Dena ematen dugu, jendea egon edo ez berdin-berdin espresatzen gara taula gainean, gustatzen zaiguna da-eta. Jendeak zuzenean ez gaitu oraindik entzun lan berriarekin, baina kantu berriak entzun dituztenek esan digute ezberdinak garela.

Zertan aldatu da taldea?
Gitarraren, bateriaren eta koruen erritmo aldaketetan egon daiteke eboluzioa. Baina, oinarrian, betiko esentzia daukagu. Hobekuntzak ere izan ditugu, bai teknikoki eta baita jendearen aholkuak jarraitu ditugulako ere; horrek ere beste ukitu bat eman digu, baina, esan bezala, Front Malabarren esentzia bera da. Orain, hemendik irten eta kanpoan ere nahiko genituzke zuzenekoak eskaini.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak