Ziber amodioa 21. mendeko amodioa?

Maider Arregi 2011ko azaroaren 1a

 Ipar haizearen kontra antzezlanak, ziber amodioa du oinarri. Bertan, mezu elektronikoei bizitza, ahotsa ematen die Itziar Atienza eta Joseba Apaolaza aktoreek. Hala, ikusleak entzun egiten ditu pertsonaien arteko e-mail trukaketa horiek eta antzezlana bere egiteko aukera ere badauka. Maitasuna, konplizitatea, gizakion betiko gaiak eta buru-hausteak teknologia berrien ukituarekin oholtza gainean azaleratuta. Tenperatura eta kolore ezberdineko funtzioa da: umoretsua, sarkasmo eta zinismoz betea dagoena.

Geroz eta bizitza bakartiagoa egiten dugun gizarte honetan, teknologia berriek lagundu, erraztu egiten dute harramenak sortzerako orduan. Hain zuzen ere, antzezlanak, 21. mendeko amodioa islatzen du. Agian, askok biziko dutena egungo gizartean taularatu dute aktoreek Amaia antzokian.

Zalantza gabe, ikusleren bat identifikatuta sentituko zen, eta pasarte ezberdinek barre algarak eragin zituzten bertaratutakoen artean. Esaterako, zibernautek elkar ezagutzeko darabiltzaten estrategia eta amarru xelebreek: pertsonaiek, ezagutu gabe itsu-itsuan egindako hitzordua, esaterako.

Bi aktoreak entzumenaren bidez gidatzen dira; bukaera arte ez dago kontaktu bisualik bien artean, baina, ederki transmititzen dute e-mail eta sentsazio trukaketak dakarren ezinegon hori.

Estreinaldia Arrasaten

Ipar haizearen kontra antzezlana urriaren 20an Bilboko Arriagan estreinatu zuten arrakastaz. Lehen geldialdia ordea, Arrasaten, Amaian egin dute. Apaolazak "sentsazio onarekin" hasi dutela bira azaldu zion GOIENARI. Publikoak ere harrera beroaz eta sentsazio onarekin hartu zituen Arrasaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak