Tolosarrek oso ondo hasi dute denboraldia eta zapatuan ere, etxean, indartsu atera ziren kantxara. Hasieratik argi utzi zuten ez zutela partidua galtzen utziko. Azkenean hamalau puntuko aldearekin, 74-60 irabazi zuten.
Bigarren zatian hobeto
Lehenengo laurdenean Arrasateko mutilak galduta ibili ziren, asmatu ezinda. Tolosarrak berriz, jaurtiketetan oso fin ibili ziren eta Larriategirenak 11 puntu azpitik geratu ziren. Bigarren laurdenean egoera antzekoa izan zen eta Bide Bide Ibizak 17 puntuko goitik amaitu zuen lehenengo zatia.
Bigarren zatian MUk beste itxura bat eman zuen. Ointxe elkartekoak askoz hobeto aritu ziren. Hirugarren laurdena berdinketarekin amaitu zuten eta laugarrena garaitu. Tamalez ez zen nahikoa izan Tolosako taldea garaitzeko.
Santurtziren zain orain
Datorren asteburuan Josu Larreategiren mutilek Bizkaiko arerioa izango dute aurrez aurre etxean: Santurtzi. Partidu zaila izango da, bizkaitarrak kategoriaz igotzeko faboritoen artean daude-eta. Larreategik berak honela begiratzen dio hurrengo partiduari: "Talde moduan hazten jarraitzeko balioko duen partidua izango da. Horrek ez du esan nahi irabaztera irtengo garenik. Argi dagoena da bizkaitarrak erlaxatuta baldin badatoz sufritu egingo dutela".