Goikobalu abesbatzak antolatu duen kontzertua da, Udalaren laguntzaz. Badira urte batzuk Goikobaluk ohitura hartu zuela Tolosako Nazioarteko Abesbatzen Txapelketan parte hartzen duen talde bat herrira ekartzekoa, eta aurtengoan ere hala izango da. Oraingoan, lau gizonezkok osatzen duten taldea gonbidatu dute emanaldira; tartean da Jon Etxabe euskalduna ere. Mundu osoko areto eta jaialdi ospetsuetan kantatu duen taldea da.
Errepertorio zabala
Laukotearen errepertorioaren iturri nagusiena XVI. mendean idatzitako musika polifonikoa da. Hala ere, Orlando di Lasso eta Clemens Non Papa Konposatzaileen lanak ere interpretatzen dituzte, eta Nicolas Payen, Cornelius Canis, Thomas Crequillon eta Gheerkin de Hondt maisuei ere denbora asko eskaintzen die laukoteak. Herrialdeko musika garaikidea ere ez du ahazten Egidius Kwartet taldeak; horrenbestez, konposatzaile holandar garaikide ugarik lanak sortu dituzte laukotearentzat. Beraz, errepertorio zabala izango da gaur parrokian eskainiko dutena.