21:30ean heldu ziren suhiltzaileak Asiako liztor inbaditzaileen habia zegoen zuhaitzera, Alecop eta Uribarri auzoko Eguzki dorre artera, hain justu. Suhiltzaile bat eta Bittor Murgiondo Gipuzkoako erlezain elkarteko presidentea igo ziren habia zegoen lekura. Liztorrak esprai baten bidez hil eta habia poltsa baten gordeta jaitsi zuten.

Habia, "amaitzeke"
Murgiondoren arabera, habia ez zegoen erabat eginda: "Amaitzeke zegoen eta horregatik jaitsi dugunean poltsatik irten dira batzuk". Halako habi batek bost eta sei kilo artean pisatzen duela dio eta horietako bakoitzean 2.000 liztor aurki daitezkeela. Aramaioko eta Oñatin antzeko kasuak izan direla aipatu zuen eta Gipuzkoa osoan 100 bat kasu aurkitu dituztela. Suhiltzaileek habia erretzeko agindua jaso dute Diputaziotik eta era berean, Natur eskolakoek lagin hartzeko asmoa erakutsi dute.

Duela sei urte, Bordeletik
Murgiondok azaldutakoaren arabera, liztor inbaditzaileak Bordeletik heldu ziren Euskal Herrira, duela sei bat urte. Edukiontzi batzutan heldu ei ziren, Asiatik. Hemengo espeziearendako kaltegarriak direla dio: "Astebetean hemengoen erlauntza oso bateko erleak jan ditzakete".
Josu Agiriano, erlezaina
Josu Agiriano Mendiolako erlezaina habia jaitsi aurretik harrapatu genuen: "Duen itxuragatik eta dagoen altueran egonda, Asiarra dela esan daiteke. Habia egiteko moduagatik ere desberdina dela ikus daiteke. Hemengo espiezekoak oso modu eraginkorrean akabatzen dituzte".