Ekimenak Euskal Herriko gaien eta pertsonaien inguruan egindako ikus-entzunezkoen emanaldiak zabaldu gura ditu bi helburu nagusirekin: batetik, euskarazko ekoizpenak sustatzea eta jendeari gerturatzea eta, bestetik, euskaldunak euskarazko ekoizpenak ikustera animatzea.
Santi Brouard izan zuten gogoan
Atzo hasi zuten ekimena Santi Brouard. Duintasuna omen ikus-entzunezkoarekin. HBko kide izan zen Brouard eta 1984ean GALek tiroz hil zuen. Ikus-entzunezko ondorengo solasaldirako Tasio Erkizia gonbidatu zuten; Erkiziak Gontzal Landa kazetariaren galderak erantzun zituen.
Solasaldiaren aurretik egon ginen Erkiziarekin eta azaldu zigun Brouard-en ekarpen politikoaz berba egingo zuela, eta nabarmendu zuen gaur egungo egoeraz harro egongo litzatekeela Brouard. "Batez ere azken bi urteetan Ezker Abertzaleak egin duen ibilbidearekin egongo litzateke harro", dio.
Brouard politikagintzan maisua izan zuela gaineratu zigun, eta urte aberatsak izan zirela haren ondoan emandakoak. Pertsonak "oztopo guztien gainetik izan behar duen duintasuna" erakutsi ziola gaineratu zuen.
Hurrengo emanaldia: 'Salda badago'
Hurrengo emanaldia azaroaren 30ean izango da eta 70eko eta 80ko hamarkadetan punkaren inguruan bizi zen egoeraz jardungo dute Txerra Bolinaga eta Iker Barandiaranek.