Bertako bizilagunek antzeman dute eta Arrasateko udaltzaingoari abisu eman. Mondragoeko udaleko ingurumen teknikariak bertaratu dira eta haizetea baretzeko zain daude liztor bat hartu eta aztertzera eroateko.
Habia, suhiltzailearen laguntzarekin, oraingo astean kenduko dute Eguzkiko dorrearen ondoan dagoen arbolatik. Haizetea baretu beharko da lehenbizi, ordea. Litekeena da bihar, egubakoitza, kentzea. Orduan ziurtatu ahal izango dute Asiako klase horretarikoa den ala ez. "Erlezainen elkartekoek ziurtatuko dute hori, baina ematen du Asiatik datozen klase horretarikoak direla" adierazi du Pello Garai Arrasateko Udaleko ingurumen teknikariak.
Oñatin ere bai
Asiatik datorren liztor inbaditzailea (Vespa velutina) Oñatin, Aramaion, Musakolan eta Udalan antzeman dute lehenago.
Habia arbolatik zintzilik dago, lurretik 20 bat metrora. Seguruen, udaberritik egon daiteke arbola horretan, liztor mota horrek sasoi horretan egiten baitu habia.
Asiako liztor inbaditzailea ez da hemengoa baino arriskutsuagoa, baina bertako espeziarekin amai dezake. Horregatik da arriskutsua eta ingurumen teknikariak eta erlezainak horregatik daude kezkatuta.
Neguaren atarian gauden honetan, habiaren barruan hibernatzen dute liztorrek, baina suhiltzaileek txikituko dute habioi, behin zuhaitzetik jaitsita.