Izaera herrikoia eta parte hartzailea du dantzaldiak eta sarrera doakoa da. Hala, antolatzaileek dantzarekin gozatzera animatu nahi dituzte herritar guztiak. Jakinarazi nahi izan dute tabernan jatekoak izango direla, aparkatzeko ez dagoela arazorik eta herri barruko autobusa bertan gelditzen dela ordu erdiro.
EH-ko eta Europako dantzak
Gidatutako dantzaldi irekia da Herrixa Dantzan; Euskal Herriko eta Europa osoko dantza tradizional ludikoekin osatutakoa: sokan, taldean, bikoteka... Batzuk ezagunak dira, eta beste batzuk ez, baina Patxi Montero gidariak emango ditu azalpenak. Egitasmoaren helburua da adin guztietako herritarrak elkarrekin dantzan jarri eta gozatzea. Dantzaldi hau Plazako dantza tradizionalak ikastaroekin jarraipena da.
Hilero azken egubakoitzetan
Egubakoitzekoa lehenengo saioa izango da eta ekimenak erantzun ona izaten badu, asmoa da hilero egitea, azken egubakoitzean. Elgetan (Espaloia Kafe Antzokian) eta Bergaran (Zabalotegi aretoan) ere egin ohi da hilero dantzaldia. Beraz, Arrasatekoa hirugarren plaza izango da.