Joxean Mulasen aginduetara Debagoieneko Eskalatzaileak (Arrasate Factory) taldeko hamar ordezkari izan ziren urriaren 15ean Gasteizko Ariznabarra kiroldegian egindako Euskadiko Txapelketan. Eta azpimarratzekoa izan zen seniorretan beharrean gaztetxoen kategoriatan izan zen parte-hartze handia, esaterako, gazte mailan 37 neska-mutiko lehiatu ziren-eta.
Goizeko kanporaketak flash modalitatean egin zituzten, eta arratsaldeko finaletan aurreko postuei dagokienez ezusteko gutxi izan ziren.
Ibarreko taldeko ordezkariei dagokioenez, 14 urtez azpikoetan Arrasate Factory taldeko Mikel Linazisoro izan zen lehiara aurkeztu zen eskalatzaile bakarra, eta automatikoki eman zioten garaipena. 16 urtez azpikoetan, berriz, Beñat Arrieta laugarren izan zen, Jon Aranburu zazpigarren.
Hemezortzi urtez azpikoen mailan eskalatzaileek erakutsi zuten dagoeneko oinarri ona dutela, eta ondo dakitela zertan dabiltzan. Mirian Mulasek meritu handiko bigarren postua lortu zuen, eta gizonezkoetan Jon Azpilikueta bosgarren izan zen. 20 urtez azpikoetan Kepa Bruña seigarren izan zen, eta Iñaki Velasco zazpigarren. Eta, seniorretan Mikel Velasco bederatzigarren sailkatu zen, eta Josu Viejo hamargarren.