Josune Monton: "Nolakoak garen ohartzen garenean lasaitu egiten gara, dena da errazagoa"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko urr. 24a, 13:57

Jabetze eskolaren barruan Emakume Txokoak antolatuta, Josune Monton aktoreak emakumeendako ikastaroa antolatu du azaroaren 4 eta 5erako. Baztandik (Nafarroa) etorriko da, baina gurean behin baino gehiagotan egondakoa da.

'Nire gorputzaren bila'. Izenburu erakargarria, ezta?
Hala izaten saiatu naiz. Ikastaroaren nondik norakoak ondo azaltzen dituela esango nuke.

Eta zein da, bada, ikastaroaren funtsa?

Bakoitzak bere barrua ezagutzea eta horretarako gorputza erabiltzea. Izan ere, gorputzak hainbat gauza esaten dizkigu gure buruaren gainean; horiek nola interpretatu ikasten saiatuko gara. Nola? Bada, gorputza tresna moduan erabiliz, adibidez, jolasen edo dantzen bidez. Denetarik egingo dugu eta barre handiak egingo ditugu.
Gorputza esaten dudanean ez dut gorputz fisikoa bakarrik esan nahi. Gorputza bada ahotsa, bada mugitzeko era, badira emozioak, energiak... hainbat kontu.

Ez da erraza izango, bakoitza mundu bat garela jakinda. Edo?
Hori argi dago. Denok gara desberdinak eta desberdintasun hori goraipatu egingo dugu. Izan ere, oso aberatsa da hori taldean lantzea bakoitza zein mundu garen ikusteko.

Horrez gain, gorputz fisikoari jartzen dizkiegun aurreiritziak alde batera utzi eta haratago ikusten laguntzea da beste helburuetako bat. Normalean gure buruari begiratzen diogu lehendabizi eta taldean jolasen eta bestelako ekintzen bidez aurreiritziz jositako begirada hori kentzea da asmoa.
Eta noski, hori guztia lortu ahal izateko ezinbestekoak dira konfiantza lantzeko jolasak; horiekin hasiko gara.

Ezohiko ikastaroa denik ezin ukatu. Adibideren bat jartzerik bai?
Egia esan behar badut esperimentatzeko ikastaroa da. Larregi kontatzea ere ez da komeni, beldurrak sor daitezkeelako: "Baina hori egingo da?", esan dezakete batzuek. Esperimentatzeko jolasak dira, probatzeko. Ez dago zertaz beldurtu. Norberarekin harritzeko ere balioko du. Benetan nolakoak garen ulertzen dugunean lasaitu egiten gara, dena da errazagoa.

Ez da gurean izango zaren lehen aldia, ezta?
Ekain hasieran antzezlan bat aurkeztu nuen Kulturaten: King Kong neska izeneko bakarrizketa bat. Oso ondo irten zen.

Ateak zabalik parez-pare, ala?
Zalantza barik. Oso ikastaro aberatsa eta dibertigarria izango da, pilak kargatzeko ere balioko die askori. Animatu!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak