Azaroaren 20an hautesle mahaietan egongo diren herritarrak zehaztu dira, zozketa bidez

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko urriaren 24a

Azaroaren 20ko Espainiako hauteskundeetako mahaian nortzuk egon behar diren zehazteko zozketa egin da gaur,  horretarako deitu den ezohiko osoko bilkuran (10:00). Inaxio Azkarraga-Urizar alkateak aipamen berezia egin du gaurko plenoa ETAren agiriaren osteko lehena izan delako: "Bilkura hau berezia da gai bakar bat duelako eta berezia da ere urriak 20 geroztik ospatzen dugun lehenengo plenoa delako. Hemendik aurrera aro berri bat zabaltzen da. Orain ez dago aitzakiarik demokraziaren muga bakarra herritarren borondatea dela erakusteko. Aukera paregabe honen aurrean gogoz eta ilusioarekin jar gaitezen denok lanean".
 

Udalak zozketa ahalik eta lasterren egin gura izan du eta zapatua pleno bat deitzeko egun egokia ez zela iritzita, astelehenean, gaur, deitu dute ezohiko plenoa. Zozketako emaitzak behin jasota ahalik eta lasterren jakinarazi behar zaio albistea dagokion herritarrari. Izan ere, bizilagunek alegazioak jarri ahal izateko zazpi egon izango dute, jakinarazpena jasotzen duten egunetik hasita. 

288 jakinarazpen

288 jakinarazpen egin behar dira, etxez etxe: 32 hauteskunde mahai egongo dira eta mahai bakoitzean hiru titular –burua eta bi bokal– eta sei ordezko egon behar dira –titular bakoitzeko bi ordezko–. Hauteskunde legeak dio urriaren 22tik 26ra –biak barne– egin behar zela zozketa, eta zozketaren emaitzak pleno bidez egin behar direla publiko. Zozketa programa informatiko baten bidez egin da, minutu gutxitan.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak