Bilbon bizi da gaur egun Covadonga Valdes. Madrileko Arte Ederren Fakultatean ikasketak egin zituenetik, han eta hemen hainbat sari jasotakoa da. Iñigo Arregik azpimarratzen duenez, nabaria da haren galerian ikusgai jarritako koadroak emakume batek egindakoak direla: "Sentsibilitate handiko lanak dira, magia, atmosfera berezia dutenak, kolore aldetik oso landuak. Tratamendu erraza duten margoak direla ematen du, baina ez da horrela. Sofistikatuak dira, horietako batzuk nolabaiteko ukitu japoniarrarekin".
Formatu ezberdineko lanak dira, zortzi koadro txiki tartean. Elementu gutxiko lanak dira gehienak eta, esan bezala, sagar arbolek protagonismoa berezia dute haietako askotan. Primavera, Nieve de abril, Paseo (lan aipagarrienetako bat eta tamaina aldetik handiena, 50 x 100 cm.), Las cuatro estaciones edo El río que nos lleva dira izenburuak. Bihar, domeka, urteak egiten ditu Valdesek; opari modura, haren lanak ekarri dizkigu Arrasatera.
Egubakoitzean Arregira hurbildutako ikusleak gustura geratu ziren han ikusitakoaz. Erakusketa azaroaren 25era arte izango da zabalik.