'ARGIA Egunak' Arrasatera, euskarazko ekoizpenak sustatzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko urriaren 20a

ARGIA astekariaren eta AEDren lankidetzari esker, datorren astean 'ARGIA Egunak' ekimena jarriko da abian. Ekimenak Euskal Herriko gaien eta pertsonaien inguruan egindako ikus-entzunezkoen emanaldiak zabaldu gura ditu bi helburu nagusirekin: batetik, euskarazko ekoizpenak sustatzea eta jendeari gerturatzea eta, bestetik, euskaldunak euskarazko ekoizpenak ikustera animatzea. Horretarako, 13 emanalditarako programa osatu dute, eta saioak hilean behin izango dira, hileko azken eguaztenetan, hain justu. Lehena urriaren 26an izango da: 'Santi Brouard. Duintasuna omen' ikus-entzunezkoa, eta ondoren Xabier Zubizarretarekin solasaldia.

Ekimena Euskal Herriko hainbat txokotara helduko da. Hala, Bilboko Kafe Antzokia, Iruñeko Kalaska gunea, Urretxu-Zumarragako Gaztetxea, KK in Zona komunikazio proiektua, Lazkaoko Maizpide barnetegia, Zornotzako barnetegia, Lasarteko Jalgi Kafe antzokia, eta Hernaniko Zumitza tabernak ere egin dute bat ekimenarekin. Eta antolatzaileek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, "sarea zabaltzen hasi besterik ez da egin".

Emanaldia borobiltzeko, solasaldia

Ikus-entzunezkoaz gain, AEDk gaian sakontzeko solasaldiak antolatuko ditu. Hala, proiekzioaren ostean solasaldi txiki bat egingo dute, gaiarekiko lotura, lekukotza edota ezagutza duen gonbidatu bereziren batekin. Solasaldi hori gidatzeko kazetari bat ere gonbidatuko dute emanaldi bakoitzerako.

Lehena, urriaren 26an

Lehen emanaldia datorren eguaztenean, hilak 26, izango da Kulturateko Jokin Zaitegi aretoan (19:00). Egun horretako proiekzioa Santi Brouard. Duintasuna omen izeneko dokumentala izango da. Lekeitioko Euskal Herria Osagai herri ekimenak ekoiztu zuen duela bi urte, GALek tiroz hil zuela 25 urte bete zirenean, eta Brouarden bizitza eta ekinbide politikoari begirada sakona egiten zaio hainbat pertsona ezagunen bitartez: Arnaldo Otegi, Xabier Arzallus, Jean Louis Davant…

Emanaldiak ordubete eskas iraungo du eta, bukatu ostean, Gontzal Landa kazetariak solasaldi labur bat izango du eguneko gonbidatuarekin. Xabier Zubizarreta Txiron izango da, Brouarden militantzia eta arrastoaren inguruan mintzatuko dena. 

Bigarrena, azaroaren 30ean

Azaroaren 30ean, berriz, Salda badago dokumentala izango da ikusgai, ordu eta toki berean. Ikus-entzunezko horrek 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, Ingalaterra eta AEBko musikaren eraginez, euskal musikan eman zen leherketa du gai. Orio ekoiztetxearena da lana, Eriz Zapiainek zuzendua, eta emanaldiaren osterako Txerra Bolinaga RIP talde mitikoaren sortzaileetako bat izango da gonbidatua, Iker Barandiaran kazetariarekin batera.

Emanaldietara gerturatzen direnek ARGIAren eskaintza berezi batez gozatzeko aukera ere izango dute, hau da, hilabete batez astekaria doan eskuratu ahal izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak