Louvreko museoan, gainera, Beistegi izeneko aretoa ikusi zuten, bertatik bertara, ustekabe atseginez, gainera. Izan ere, Arrasatetik hara joandako familia baten omenezkoa baita, Jose Riviere Abaroako presidenteak kontatu digunez.
Beistegi familiak Arrasatetik Mexikora emigratu zuen XIX mendearen erdialdean. Han aberastu eta Mondragoekin akordatuta, herriko parrokiarako hainbat objektu baliotsu eman zituen. Beistegitar bat Arrasateko Parrokiako meza-mutila izan zen.
XX. mendearen erdian, bere margolan bilduma bikain eta baliotsua saldu nahi izan zuen eta Madrileko Prado museoari eskaintza egin zion. Honek ez zituen onartu; bai, ordea, Parisko Louvrek. Hala, gaur egun Beistegiren omenezko aretoa bisita daiteke Louvren, non hainbat margolan ikus daitezkeen, Zuloagarenak esate baterako.
Hau dena kontatu digu Rivierek. Eta gehitu du primeran pasatu dutela, baina laburra egin zaiela bidaia, "ikusteko gauza asko" zituztelako. Hori bai, janariarekin ez dira horren gustura geratu. "Euskal Herrian bezala inon" dio janariari dagokionez.